Ekonomia -
Aeronautika
Aernnovak A320neo hegazkinen eraikuntzan parte hartuko du
IndiGo kostu baxuko airelinea indiarrak A320neo modeloko 250 hegazkin erosiko dituela iragarri du, eta euskal enpresak horien eraikuntzan parte hartuko du.
Agentziak | Erredakzioa
IndiGo kostu baxuko airelinea indiarrak Airbusi A320neo modeloko 250 hegazkin erosiko dizkiola iragarri du, eta horien eraikuntzan Aernnovak parte hartuko du. Eskari horri esker, euskal enpresak 10 milioi euroko fakturazioa izango du.
Airbus eta IndiGoren arteko akordioak, beraz, eragina izango du euskal industria aeronautikoan, A320neo hegazkinen pieza batzuk bertan ekoitziko baitituzte.
Airbusen hornitzaile nagusienetako bat da Aernnova. Besteak beste, lurreratze-trenaren arrapalak egingo dituzte, Jon Larrinaga Aernnovako Erakundeekiko Harremanetarako zuzendariak zehaztu duenez.
Arrapalen % 75 Gamarrako (Gasteiz) lantegian ekoitziko dituzte, eta gainerakoa Coasa filial galiziarrak egingo du.
Larrinagak azpimarratu duenez, “A320 hegazkina Airbusen modelo arrakastatsuena da”.
Ibilbide ertainak egiteko hegazkinak dira, eta ehun bat bidaiari eramateko gaitasuna dute. Gainera, A320neo hegazkin eraberritua isilagoa da, eta erregai gutxiago kontsumitzen du.