Ekonomia -
Diru kontuen azterketa
Aurtengo defizit helburua beteko duelakoan dago Nafarroako Gobernua
Urtea amaitzerako % 0,7ko helburua betetzeko, baina, UPNren aurreko gobernuak eta Espainiakoak "adostu omen dutena" bete behar dela ohartarazi du Uxue Barkosen exekutiboak.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkosek zuzentzen duen gobernuak espero du 2015erako ezarritako defizit helburua (Barne Produktu Gordinaren % 0,7) beteko duela, baina 'zuhur' agertu da. Ekaineko datuak eskuan, helburu hori beteko duelakoan dago, nolanahi ere.
Foru gobernuaren diru kontuen azterketa egin du Nafarroako Exekutiboak, eta horren berri eman dute prentsaurrekoan Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak eta Miguel Laparra Eskubide Sozialetarako lehendakariordeak.
Ayerdik azaldu duenez, defizit helburua betetzeko gakoa da UPNren aurreko gobernuak eta Espainiakoak “ustez lortutako akordioa” betetzea. Hau da, hidrokarburoen eta energia elektrikoaren gaineko zergei dagozkien 73 milioi euroak defizit gisa ez zenbatzearena.
Ekaineko datuak eskuan, 200 milioi euroko defizita du Nafarroako Gobernuak (BPGaren % 1,09), 2015 amaierako ezarritako helburutik urrun, beraz. Baina akordioa beteko balitz, “ozta-ozta” beteko luke helburua.
Barkosen ustez, “Nafarroako Gobernuak dituen diru-sarrerak nahiko ondo daude, baina betebehar asko daude 2015erako, eta horiek betetzen saiatuko gara”.
Erreforma fiskala
Ayerdiren esanetan, datu hauek hilez hil aldatzen dira, baina uztaileko datuak ikusita, dena hoberantz doala ematen duela gaineratu du. Dena den, 2016ko aurrekontuetarako lerroak zehaztu aurretik, “non gauden jakin behar dugu”, gaineratu du.
Gobernuak erreforma fiskalari heltzeko asmoa duela esan du Ayerdik, eta irailean agente ekonomikoekin “batzar formala” izango dutela aurreratu du.