Ekonomia -

Estatuko Aurrekontu Orokorrak

EAE, Estatuak inbertsioa gehien handituko duen erkidegoa

Hain zuzen ere, Estatuan % 23,46 handituko du inbertsioa 2016an. Nafarroan, % 10,46koa izango da igoera.

Jesus Posada Kongresuko presidentea eta Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa. EFE
Jesus Posada Kongresuko presidentea eta Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa. EFE
Euskadirentzat 400 milioi eurotik gora, 2016ko aurrekontuetan

1:32

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak % 23,46 handituko du inbertsioa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2016 urtean, Estatuko Aurrekontu Orokorretan jaso duenez.

Horrenbestez, EAE inbertsio hazkunde handiena izango duen erkidegoa da.

Nafarroan ere igoko du Estatuak inbertsioa; hain zuzen ere, % 10,46.

Zenbaki osoak kontuan hartuta, Estatuak 450 milioi euroko inbertsioa egingo du EAEn, eta 106 milioikoa Foru Erkidegoan.

Beste lurralde batzuekin alderatze aldera, Katalunian % 10,10 handituko du inbertsioa, eta, Madrilen, % 3,91. Murtzian, baina, % 22,75 murriztuko du.

Besteak beste, Aurrekontuek 290 milioi euro bideratuko dituzte EAEn Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko. Kupoaren bidez finantzatuko dutena gehituta, guztira 600 milioi euro gastuko dituzte 2016an Euskal Ya eraikitzeko.

Eutsi egin diote 1.525 milioi euroko Kupoari

Bestalde, Aurrekontuek aurreikusten dute EAEk 1.525 milioi euroko Kupoa ordaintzea Estatuari hurrengo urtean, hots, aurreko urteetako kopuru bezala.

Transferituta ez dauden eskuduntzengatik (Armada, Atzerri politika, portuak, aireportuak…)  Euskadik Estatuari ordaindu behar dion kopurua da Kupoa, baina azken zortzi urteetan Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ez dira ados jarri 2012-2016 epeko kalkulua egiteko metodologia zehazteko.

Ricardo Gatzagatexebarria Ogasun sailburuak apirilean kalkulatu duenez, Estatuak 1.184 milioi euro zor dizkio Euskadiri, desadostasun horien ondorioz.

Epeak

Kongresuak aurreikusi du urriaren 22an onartuko dituztela behin betiko Aurrekontuak, bi hilabete eta erdiko izapideak egin ostean.

Alderdiek abuztuaren 21 arteko epea izango dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta, ondoren, hilaren 25ean eta 26an eztabaidatuko dituzte.

Dena dela, PPk gehiengo osoa duenez, Espainiako Gobernuak bermatuta dauka osoko zuzenketek porrot egitea.

Ondoren, zuzenketa partzialak aurkezteko epea abuztuaren 27 artekoa izango da, eta irailaren 7tik 11ra eztabaidatuko dituzte.

Irailaren 14tik 16ra, ministroek agerraldiak egingo dituzte Parlamentuan, euren aurrekontuak defendatzeko. Azken egun horretan, bozketak egingo dituzte, eta azken testua Senatura igorriko dute, izapide berbera egin dezaten.

Hasiera batean, Goi Ganberak irailaren 13tik 15erako astean bukatuko du izapidea, eta ondoren Kongresura itzuliko da testua. Senatuak aldaketarik egingo balu, Behe Ganberak urriaren 22an onartuko lituzke.

Aurrekontuen gakoak

Aurrekontuek gehienez 123.394 milioiko gastua aurreikusten dute, 2015ean baino % 4,4 gutxiago.

Datorren urtean gastatuko diren 100 euro bakoitzetik, 39 pentsioak ordaintzera bideratuko dira, 7 langabezia-prestazioetara zein politika aktiboetara eta beste 8 gizarte gastuetara.

Ordaindutakoaren araberako pentsioak % 0,25 igoko dira 2016an, hau da, legeak agintzen duen gutxienekoa, eta funtzionarioen soldata % 1 areagotuko da. Rajoyk eta Gobernuko kideek neurri berean igo dituzte beren ordainsariak.

Gobernuak, guztira, 19.820,94 milioi euro zuzenduko ditu 2016an langabezia-prestazioak ordaintzera, hots, aurrekoan baino % 21,7 gutxiago.

Hezkuntza arloan, % 9,3ko igotzeko asmoa dute, 2.483,96 milioi eurora iritsi arte. Kopuru horretatik 363,03 milioi datorren ikasturtean LOMCE ezartzeko erabiliko dituzte. Beketara bideratutako aurrekontua % 0,2 besterik ez da igoko.

Gobernuak, beste behin ere, geroratu egin du aitatasun-baimena hilabete batera luzatzeko erabakia jaiotza, adopzio edo abegi kasuetarako. Oraingoan, 2017ko urtarrilera arte atzeratu du. Gauza bera egin du aurreko urteetan, neurri horrek 2011tik aurrera ezarrita egon behar baitzuen.

Gobernuak % 6,3 areagotuko du 'Genero biolentziaren erabateko prebentziorako jarduerak' izeneko ekimenera, 25,23 milioi eurora iritsi arte datorren ekitaldian, 2015ean baino 1,5 milioi gehiago.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura alorrera bideratuko den kopurua 7.438,24 milioikoa izango da; hortaz, % 13,3 egingo du behera.

Aldiz, Errege Etxeak 2016an izango duen aurrekontuak % 1 egingo du gora, eta 7,86 milioi euroraino helduko da.

Defentsa Ministerioaren aurrekontua ere areagotu egingo da, zehazki esateko % 0,4. Beraz, kopuru berria 5.734,09 milioi euroan geratuko da.

Estatuak 13.266.216,12 euro emango dizkio hilero Eliza Katolikoari, zergadunek aitorpena egitean markatzen duten % 0,7ko eremuari dagokion kopuruaren lepotik.

I+G+B zibilarentzat 5.793,31 milioi egongo dira 2016an, % 2,2 igoko da, beraz, arlo horretako inbertsioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Ekonomia berriak