Ekonomia -
Proposamena
LABek hitzarmenen negoziazioa desblokeatzeko proposamena aurkeztu du
Sindikatuak KPIrena baino igoera handiagoa proposatzen du soldatetarako, "erosteko ahalmena berreskuratzeko", eta hainbat klausula sustatuko lituzke "lan-erreformaren aurkako akordioak sendotzeko".
Agentziak | Erredakzioa
LABek aurkeztu du, ostiral honetan eta Lan Harremanen Kontseiluan, "hitzarmenak desblokeatzeko proposamen bat"; bertan, KPIrena baino igoera handiagoa proposatzen du soldatetarako, "erosteko ahalmena berreskuratzeko", eta hainbat klausula sustatuko lituzke "lan-erreformaren aurkako akordioak" sendotzeko asmoarekin.
Bere proposamenean, sindikatuak gaitzesten du "gutxiengoak sinatutako akordioak", eta esaten du "oso larria" izango litzatekeela "gehiengoa ez errespetatzea; hori oinarri demokratikoa da, eta zenbait iskanbila sortuko lituzke horren kontra egitea".
LABeko ordezkariek Lan Harremanen Kontseiluan eman dute agiria, Donostian, eta elkarretaratzea egin dute, "Hitzarmen duinak. Behin-behinekotasunari ez" lemapean. Elkarretaratzean, "Adegi, lapurrak", edo "hemen lan egiten dugu, hemen erabakitzen dugu" oihukatu dute.
Lan Harremanen Kontseiluak "parte hartu behar du"
Garbiñe Aranburu LABeko Ekintza Sindikalaren idazkariak azaldu du proposamena Lan Harremanen Kontseiluko egoitzetan aurkeztuko dutela; izan ere, sindikatuak uste du erakunde horrek "parte hartu behar duela", negoziazio kolektiboaren blokeoaren aurrean, eta eskatu behar diela Euskadiko patronalei bilerak "benetako borondate negoziatzailearekin" deitzea. Aranbururen iritziz, borondate hori ez zuen Confebaskek hilaren 3ko bileraren deialdian. Azkenean, patronalak bertan behera utzi zuen bilera; izan ere, LABek esan zuen behin-behinekotasunak kaltetutako bi langile bidaliko zituela bilerara.
Topaketa haren atzetik, LABen esanetan, "behin-behinekotasuna hedatzeko asmoa besterik ez zegoen, Estatu mailan adostutako akordioa Euskal Herrira ekarriz". CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek adostu zuten hitzarmen hori. Aranburuk, berriz, galdegin du soldatetan akordio horrek aurreikusten dituenak baino igoera handiagoak egon beharko liratekeela, eta esan du LABek ez duela onartuko "beste atzerapenik lan-baldintzetan".
Aranburuk, halaber, esan du bere sindikatuak hartu duela erabaki sendoa: langileak mugiaraztea. Halaber, azaldu du LABek bere ekintza sindikala berrituko duela, "negoziazio kolektiboen mahaiek esaten dutena edo esaten ez dutena kontuan izan gabe".