Ekonomia -
Diru-merkatuen irekiera
Ibex indizea ia % 2,5 igo da Greziaren proposamena ezagutu ostean
Europako diru-merkatu nagusiek ere irabaziekin hasi dute eguna, baina Madrilgo burtsak izan du gorakadarik handiena.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilgo burtsak irabaziekin hasi du eguna, zehazki, ia % 2,5 egin du gora eta 10.972 puntutara iritsi da Greziak nazioarteko hartzekodunei egin dien proposamen berriaren xehetasunak ezagutu ostean. Gaur, Greziako Parlamentuak eta Europako erakundeek aztertuko dute Alexis Tsiprasen gobernuak egindako proposamen berria.
Europako diru-merkatu nagusiek ere gora egin dute, nahiz eta Madrilen zenbatu diren irabazi handienak. Pariseko burtsak % 2,4 egin du gora, Frankfurtekoak eta Milangoak % 1,6, eta Londresekoak, berriz, % 1,1.
Madrilgo burtsan, Ibex indizeko balore guztiek gora egin dute irekieran. Irabazi gehien izan dituzten baloreak hauek izan dira: Sacyr (% 3,86), Bankia (% 3,30), Inditex (%2,81), Popular, Santander eta BBVA (%2,7), Caixabank, Sabadell, IAG eta Repsol (%2 inguru).
Zorraren merkatuan, Espainiako arrisku sariak ia 20 puntu egin du behera eta 126,2 puntura jaitsi da (% 2,069ko interesarekin). Bien bitartean, euroa 1,1095 dolarren truke aldatu da.