Ekonomia -
Telekomunikazioak
Euskaltel % 5,8 igo da burtsako lehen egunean
Telekomunikazioen euskal operadorea 12:00etan hasi da kotizatzen, eta saio bukaeran 10,05 euro ordaindu dira akzioko.
Agentziak | Erredakzioa
Euskaltel Espainiako baloreen Burtsan kotizatzen hasi da uztailaren 1 honetan, 12:00etatik hasita. Gaurkoa egun "historikotzat" jo du Alberto Garcia Erauzkin telekomunikazioen euskal operadorearen presidenteak.
Euskaltelen akzioak % 5,789 igo dira Burtsan egin duen lehendabiziko egunean. Akzio bakoitzeko 10,05 euro lortu ditu saio bukaeran telekomunikazioen euskal operadoreak; jardunaldi hasieran akzioen prezioa 9,5 euroan zegoen finkatua.
Alberto García Erauzkinek zuzentzen duen konpainiak behera egin du egunean zehar, hastapenean % 10,5 igo baita 10,50 eurora iristeraino, baina azkenerako 10,050 euroan geratu da akzio bakoitzaren balioa.
Kable-operadorearen tituluek egunean zehar gehienez 10,9 euro balio izan dute; gutxieneko balioa, berriz, 10,035 euroan markatu dute.
"Kanpai eragitea"
Burtsaratzeetan egin ohi den "kanpai eragite" digitala egin dute Bilboko Burtsan, enpresa eta finantza munduko 80 lagunen begiradapean. Bertan izan dira, besteak beste, Manuel Ardanza Bilboko Burtsako presidentea eta Javier Hernani Espainiako Burtsen eta Merkatuen zuzendari nagusia.
Ekitaldian Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak goraipatu duenez, "luxuzko akziodunak ditugu, epe luzera inbertitzeko prest agertu diren nazioarteko inbertitzaileak, kalitatezkoak, izen onekoak eta agurgarriak". Era berean, Kutxabankek "erreferentziazko akzioduna izaten jarraituko" duela nabarmendu du.
Garcia Euzkinen aburuz, Euskaltel "sendotasun finantzario handiko" erakundea da eta burtsaratzeak "hazkunde eta lidergo erronka berriei aurre egiteko" indarra ematen dio. Telekomunikazio enpresaren akziodunen eskaera eskariaren halako lau izatea pozik hartu du presidenteak, burtsetan izandako azken egun "gorabeheratsuak" Uztailaren 1 hau egun "historikoa" dela agertu du Garcia Erauzkinek eta Euskaltelek euskal gizartearekiko duen harreman "hautsiezina" azpimarratu. Adierazi duenez, operadorearen zuzendariek saltzeko eskaintza publikoa promozionatzeko nazioartean egindako bidaietan "Basque Country eta Euskaltel ahotan izan dituzte eta orain nazioarteko inbertitzaileek badakite zer den Euskadi; hori aprobetxatu beharra dago".
Akziodunak
Kutxabankek, Iberdrolak eta International Cablek Euskaltelen 80,4 milioi akzio ipini dituzte salgai (konpainiaren % 63,5). Kutxabankek % 49,9ko parte-hartzea du telekomunikazio enpresan eta % 19,8 salduko du (akziotan, 22,5 milioi), % 30,10rekin geratuta. Iberdrolak eta International Cablek Euskaltelen zuten parte-hartze guztia salduko dute (% 2k eta % 48,10 zuten, hurrenez hurren). Enpresan inbertituko duten akziodun berriei dagokionez, Alba Finantza Korporazioak pisuzko bigarren akzioduna izango da, tituluen % 8,02 eskuratuta eta 96,4 milioi euro inbertituta.
Hauek dira, besteak beste, Euskaltelen akzioak erosi dituzten konpainietako batzuk: George Soros enpresaburu ezaguna, Lazard negozioen banketxea, BlackRock, Franklin Mutual, Artemis, York Capital, Blue Mountain, Harvard University edo Pelham. Burtsan kotizatzearekin batera, Euskalteleko zuzendariek pizgarri sorta jasoko dute, 22.045.425 euro garbikoa (41.019.056 euro gordin). Kopuru horretako, 5.129.730 euro Alberto Garcia Erauzkinek poltsikoratuko ditu; 15.101.267 euro Euskalteleko kudeaketa taldeko bederatzi buruzagientzat izango dira eta 1.814.428 euro beste 14 zuzendarirentzat.
ELAren protesta ekitaldia
Bilboko Burtsaren kanpoaldean, konpainiaren pribatizazioa eta zuzendariek jasoko dituzten "eskandaluzko" pizgarriak salatzeko elkarretaratzea egin du ELA sindikatuak.
Mikel Noval ELAko buruzagiak agertu duenez, Euskaltel Euskadin "sustraituta" dagoela esatea urak ardo zaporea duela esatea modukoa da eta zalantzan jarri du konpainiak hiru urtean balioaren hala hiru irabazi izana.