Ekonomia -

Erabakia

Euskaltelen zuzendariek akzioetan inbertituko dute bonusaren % 100a

Hala, zuzendaritzak aho batez hartu du bonus guztia inbertitzeko erabakia, Eusko Jaurlaritzak eskatu bezala, % 50 soilik inbertitu beharrean.

Zuzendariek Euskaltelen akzioak erosiko dituzte pizgarrien diruarekin

1:18

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltelen zuzendariek konpainiaren akzioetan inbertituko dute enpresa burtsara ateratzeagatik lortuko duten 46 milioi euroko bonusaren % 100a. Uztailaren 1ean aterako da burtsara euskal telekomunikazio enpresa.

Aurretik adostutakoaren arabera, bonusaren erdia soilik inbertitu behar zuten, akzioak gutxienez urtebetez mantentzeko konpromisoarekin.

Zuzendariek 46 milioi euroko bonusa (kantitatea zehazteke dago, burtsara ateratzen denean akzioek izango duten balioaren arabera) jasoko dutela jakin zenean, kritika gogorrak egin zizkieten alderdi politikoek, sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean aurreratu duenez, Euskaltelen zuzendariek aho batez hartu dute bonusaren % 100a berriro inbertitzeko erabakia.

Alberto Garcia Erauzkin konpainiaren presidenteak hartu du erabakia, eta gauza bera egiteko proposatu die gainerako zuzendariei gaurko bileran.

Enpresak azpimarratu du Euskaltelen kapitalaren % 2 langileen esku geratuko dela, bi soldata adina akzio jasoko dituztelako, eta horrek Euskal Herriarekiko lotura eta konpromisoa erakusten duela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaltel albisteak