Ekonomia -
Proiektuaren porrota
Epsilon auzian prebarikazioa leporatu dio fiskalak Sanchez Alegriari
Gainera, diru publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio desleiala eta sozietate delitua egotzi dizkio Arabako fiskalburuak Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko presidente ohiari.
Agentziak | Erredakzioa
Epsilon auzian prebarikazioa, diru publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio desleiala eta sozietate delitua leporatu dizkio Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak Julian Sanchez Alegria Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko presidente ohiari.
Porrot egin zuen euskal automobil-proiektuak Bat Formulan lehiatzeko helburua zuen, baina behea jo zuen nahiz eta 48 milioi euroko diru-laguntza publikoak jaso, gehienak Gobernu zentralaren eskutik.
Porrotaren ondorioz zabaldutako auzian, Joan Villadelprat Epsiloneko administratzaile bakarrari eta Mark Payne finantza zuzendariari zortzi urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du Arabako Fiskaltzak, sozietate delitu batengatik eta iruzurrezko insolbentziagatik.
?Ondare-kaltea?
Orain Sanchez Alegriaren aurkako kereila aurkeztea erabaki du fiskalak. Teknologia parkeen presidente ohiak ?gutxienez? 16 milioiko eskaintza egiteko ?konpromisoa? hartu zuen, Epsilonek Arabako Teknologia Parkean egoitza eraikitzeko hipoteka ordaintzen ez baldin bazuen. Ondorioz, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenean, parkeak ?ondare-kalte oso larria? izan zuen.
Sanchez Alegriak Miñaoko parkea juridikoki aholkatzen zuen abokatu-langelaren txostena ?alde batera? utzi zuela azaltzen du Izaguirrek; izan ere, operazioak ?parkearen helburu soziala gainditzen zuen, eta Estatuaren diru-laguntza zen?. Gainera, nahiz eta ?ezkutatzen saiatu, operazioa abala? zela adierazi du fiskalak.
Era berean, Kutxak eta Vital Kutxak lursail bat erostearen truke Epsiloni emandako maileguak zalantzan jarri ditu Izaguirrek. Sanchez Alegriak ?ez zuen inolako aholku juridikorik eskatu bideragarritasun ekonomikoa eta juridikoa aztertzeko?, fiskalak erantsi duenez.
Izaguirreren hitzetan, Sanchez Alegriak ?operazioaren eragozpen guztien berri zuen, saihestezinak ziren oztopoak bazekizkin, baina alde batera utzi zituen? eta ?teknologia parkeentzako ondare-kaltea bistakoa da?.
Gainera, Miñaoko Administrazio-kontseiluaren gainerako kideei ?sinatutako negozioen benetako ondorioak ezkutatu? zizkiola uste du Arabako Fiskaltzak.