Ekonomia -
Gipuzkoa
Pello Guibelalde izango da berriz Adegiko presidente
Hine Taldearen sortzailearen hautagaitza izan da Gipuzkoako patronalaren barne hauteskundeetara aurkeztu den bakarra. Ostiralean izendatuko dute.
EFE
Pello Guibelalde enpresaburua bigarrenez hautatuko dute Adegi Gipuzkoako patronaleko presidente, ez baita beste inor aurkeztu barne hauteskundeetara.
Adegik batzar nagusia egingo du ostiralean, presidentea aukeratzeko, eta hautagaitzak aurkezteko epea ostiralean bete zen. Guibelalde izan da aurkeztutako bakarra, EFE agentziak jakinarazi duenez.
Hori horrela, Legazpiko enpresaburua bigarrenez izango da Adegiko buru. 2012an heldu zen Adegiren Presidentetzara, Eduardo Zubiaurre ordezkatzeko.
Guibelaldek Hine taldea sortu zuen 1974an, emaztearekin eta hiru anaiekin batera. Hasieran, bost langileko familia-enpresa bat zen, baina egun dozena erdi lantegi ditu Europan, Asian eta Amerikan.
Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria izango da ostiralean Adegiren batzar nagusian, Donostiako parke teknologikoan.