Ekonomia -
Lan eskaintza publikoa
Akordiorik lortu ez arren, Osakidetzak LEPa deituko du udazkenean
"Ez gaude prest mila lanposturen sorrera bertan behera uzteko", esan du Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzako mahai sektorialean ez dute akordiorik lortu sindikatuek eta Zuzendaritzak. Hala ere, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak iragarri du Lan Eskaintza Publikoa egin egingo dutela. “Mila pertsonari egonkortasuna emango die”, erantsi du.
Gasteizen egin dute gaurko bilera Osakidetzako Zuzendaritzak eta sindikatuek. “Sindikatuek herritarrei azaldu beharko diete zergatik ez dute Lan Eskaintza Publikoa egitea nahi. Legeak baimentzen duen plaza kopuru handiena eskaini diegu, baina, hala ere, nahiago dute LEPa ez deitzea”, adierazi du.
Sindikatuak kontra egon arren, Osakidetzak deitu egingo du Lan Eskaintza Publikoa, “mila lanposturen sorrera galtzeko prest ez gaudelako”.
“Gure erantzukizun eta betebeharra da Lan Eskaintza Publikoa deitzea, eta azterketak udazkenean egin ahal izatea”, berretsi du.
Lanpostu kopurua negoziatu nahi dute sindikatuek
Bestalde, SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek bere jarreraz “hausnarketa egiteko” eskatu diote Osakidetzako Zuzendaritzari. Lan Eskaintza Publikoan eskainiko diren plazen inguruan negoziatu nahi dute sindikatuek Osakidetzarekin.
Ohar batean, bileratik joatea erabaki dutela azaldu dute sindikatuek, Osakidetzak emandako “erantzuna” ikusita. “Berriro ere, interesatzen zaizkion gaiak bakarrik jarri ditu mahai gainean, garrantzi handiagokoak kanpoan utzita”, adierazi dute.
Lan Eskaintza Publikoan eskainiko duten plaza kopuruaren inguruan ez dutela negoziatu nahi izan salatu dute sindikatuek.