Ekonomia -
Berme solidarioa
Bankiak ordaindu egingo du 34 milioi euroko bermea
Goirigolzarrik azaldu duenez, azken fidantza honekin aurrekoarekin bezala jokatuko dute: ordaindu eta, zuzendariek dagokiena ordaintzen ez badute, ondoren eskatu.
Agentziak | Erredakzioa
Bankiak ordaindu egingo du 34 milioi euroko fidantza eta gero eskatu egingo die zuzendaritzako kideei, Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidenteak ostiral honetan berretsi duenez. Goirigolzarrik azaldu duenez, auzian ''inplikatuta dauden sei aldeek'' ordaindu behar dute bermea hori; ondorioz, hala egiten ez badute, ''eskatu egingo diegu''. Hain zuzen ere, Bankuari berari eta lau zuzendari ohiri ezarri zien bermea Andreu epaileak, eta, beraz, bermea ''modu solidarioan'' ordaindu behar dute.
Hasiera batean 800 milioi eurokoa zen fidantza, baina Auzitegi Nazionalak 800 milioi eurotik 34 milioira jaitsi zuen. Bankiak martxoaren 17an aurreratu zuen bermea, eta ondoren eskatu zien zegokiena zuzendaritzako garai bateko kideei. Orain, hasierako zenbateko horrekin bezala egingo du Bankiak bigarren honekin ere, Goirigolzarrik adierazi duenez.
Bilbon eman ditu azalpenak Bankiako buruak, eta gogoratu egin du hilabeteko epea dutela epaileak jakinarazpena egiten duenetik, eta oraindik epe hori bete ez dela. ''Ez dakigu zein izango den zuzendaritzako kide ohien jarrera; ordainduko duten ala ez. Dakigun bakarra da guk gurea ordainduko dugula'', gaineratu du.