Ekonomia -
Digital News Initiative plana
Googlek 150 milioi euro inbertituko ditu Europako zenbait hedabidetan
"Albiste ekosistema jasangarria babestu eta berrikuntza sustatzea" da helburua, enpresak azaldu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Googlek akordioa lortu du Europako hainbat hedabiderekin, eta, besteak beste, 150 milioi euro inbertituko ditu, "albiste ekosistema jasangarria babestu eta berrikuntza sustatzeko" helburuarekin.
Hedabideen industria europarrarekin hiru urtez talka egin eta gero (Frantzian, Alemanian eta Espainian bereziki, Google News itxi egin baitzuten), eta Europako Batzordeak bilatzailean gehiegikeriak egitea leporatu eta egun gutxira, Googlek 'Digital News Initiative' plana abiarazi du.
AEBko enpresa teknologikoak akordioa sinatu du zenbait hedabide europarrekin, Espainiako batzuekin tartean: El País, Unidad Editorial, Vocento, Grupo Godo, Grupo 20 minutos eta El Confidencial.
Era berean, The Financial Times, The Guardian, Les Echos, La Stampa eta Die Zeit egunkariek ere sinatu dute hitzarmena, baina Googlek beste hedabide batzuekin "kolaboratzeko" asmoa ere badu.
"Ekimen honen helburua albiste ekosistema jasangarria babestu eta berrikuntza sustatzea da, produktuen garapena, berrikuntza, formakuntza eta ikerketa babestuta", esan du Carlo D'Asaro Biondo Googlek Europan duen harreman estrategikoetarako presidenteak.
"Kazetaritza digitalean bestelako bide batzuk badaudela erakusten duten proiektuetan" inbertituko da dirua, eta hedabideek eta kazetariek eskatu ahal izango dute.