Ekonomia -

Lan gatazka

Osakidetzako sindikatuek 'positibotzat' jo dute grebaren erantzuna

Gutxieneko zerbitzuak "neurrigabeak" direla salatu eta "gehiegikeria" hori Osakidetzaren "boikot estrategiaren" baitan kokatu dute.

'Normaltasuna' Osakidetzako lehen greba egunean

1:33

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako sindikatuek "positibotzat" jo dute osasun zentroetan deitutako lehen greba egunaren jarraipena. Izan ere, langileek bi eguneko greba orokorra abiatu dute bart, SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, lan baldintzen hobekuntza eta murrizketen amaiera eskatzeko.

Orotara, 30.000 langile baino gehiago deitu dituzte greba deialdiarekin bat egitera.

Encarna dela Maza Satseko arduradunak azaldu duenez, grebaren jarraipena "positiboa" izaten ari da, baina ez du zifrarik eman nahi izan. Bestalde, grebaren jarraipena % 7,3koa izan dela adierazi du Osakidetzako zuzendaritzak.

Ildo horretan, zuzendaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "neurrigabeak" direla salatu du eta "gehiegikeria" hori Osakidetzaren "boikot estrategia"ren baitan kokatu du.

Horren esanetan, "trukean ezer eman gabe" sindikatuek mobilizazioak bertan behera uztea nahi du zuzendaritzak. "Osakidetzak negoziatzeko borondatea erakusten duenean eta manipulatzeari uzten dionean amaituko dira mobilizazioak", gaineratu du.

Sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte eguerdian Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo), Santiago Ospitalean (Gasteiz) eta Donostian, Pio XII.aren plazan, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean. Bihar, manifestazioa egingo dute Bilbon. Martxa eguerdian abiatuko da, Arriaga Antzokitik.

Protesta horiekin lan-baldintzak hobetzea eta murrizketak etetea eskatu dute sindikatuek. "Osakidetzan galdutako enplegua berreskuratu nahi dugu, lan-zama onargarriekin lan egin, osasun zerbitzua hobetu eta langileen arteko soldata bereizketak baliogabetu", aldarrikatu dute. Gainera, lan-astea murriztea, lan-eskaintza publiko gehiago egitea eta enplegua egonkortzea ere eskatu dute.

Sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzak 3.000 lanpostu "suntsitu" ditu, lan-astea handitu du, soldatak jaitsi ditu, aparteko soldata bat eta erabilera libreko egun bat kendu ditu eta "zigortu" egiten ditu gaixotzen diren langileak.

Halaber, Mahai Sektorialak hainbat bilera egin dituela eta Osakidetzako Zuzendaritzak oraindik proposamenik egin ez duela gaitzetsi dute.

Bart, 22:00etan, hasi da greba, eta bihar ordu berean bukatuko da.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, ospitaleetan jaiegunetan ematen dituzten zerbitzuak emango dituzte, eta lehen arretako zentroetan larunbat batean bezala egingo dute lan.

Greba "arduragabekeria" dela esan du Darponek

Bestalde, Jon Darpon Osasun sailburuaren esanetan, greba "arduragabekeria da eta ez dago justifikatuta; ez behintzat Osakidetzan dituzten baldintza objektiboei eta soldatei erreparatuta".

Sailburuak adierazi duenez, sindikatuek 2010eko lan-baldintzak berreskuratu, lan-astea murriztu eta soldatak igo nahi dituzte, eta "hori orain ezin da egin".

"Zein arlotan egiten dute lan 1.614 ordu baino gutxiago urtean eta zeinetan dute Osakidetzan dagoen segurtasuna?", galdetu du Darponek. Horren iritzian, egoerak "muturrekoa" behar du izan greba bat deitzeko, eta “Euskal Osasun Zerbitzuan ez dago halakorik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa