Ekonomia -
AURREIKUSPENA
Goirigolzarri: 'Espainiako bankurik errentagarriena izango da Bankia'
Bankia bere bidea egiten ari dela eta ez duela beste finantza erakunde batekin bat-egitea aurreikusten esan du bankariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidenteak esan duenez, 2015a amaitzerako % 10eko errentagarritasuna izango du finantza erakundeak. Hala, "Espainiako bankurik errentagarriena edo errentagarrienetako bat" izango dela nabarmendu du.
'Finantza sistemaren erronkak: Bankiaren ikuspegia' izenburupean, hitzaldia eskaini du Bilbon, gaur goizean, Bilboko Merkataritza Ganberak antolatuta. Ondoren, komunikabideen aurrean adierazpenak egin ditu. Bankia bere bidea egiten ari dela eta ez duela beste finantza erakunde batekin bat egitea aurreikusten esan du bankariak. "Dudarik gabe iraganak eragina du gure irudian, baina zarata hori gainetik kentzea lortzen ari gara eta gure errentagarritasuna oso esanguratsua da. 2014a % 8,6ko errentagarritasunarekin itxi genuen, eta 2015a % 10ekoarekin ixtea aurreikusi dugu", gaineratu du.
Akzioen salmenta aukerarekin lotuta, 312 milioi euroko aparteko funts-hornidura izan du Bankiak. "Hori kontuan hartuta, Bankia Espainiako finantza erakunderik errentagarrienetakoa izango da, errentagarriena ez bada. Etorkizunera begiratzen dudanean, frankizia indartsu bat bezala ikusten dut Bankia, Espainiako merkatuan lekua duena. Bizitza oso luzea den arren, ez dut beste erakunde batekin bat egiteko premiarik ikusten", azpimarratu du.
Espainiako Estatuko egoera ekonomikoaz, Goirigolzarrik esan du azken hilabeteotako "aldagaiak oso indartsuak eta positiboak" direla. "Zenbakiak dira, datuak, ez iritziak: urte honetan hazkundea % 3tik gertu egongo da. Ez da pentsaezina Gizarte Segurantzako afiliatu kopuruak milioi erdi gora egitea", esan du.