Ekonomia -

2015eko martxoa

Langabeziak gora egin du EAEn, hazkundea izan duen erkidego bakarra

510 langabe gehiago zenbatu dira. Nafarroan, berriz, behera egin du. Estatuan ere jaitsi egin da langabezia, 4.451.939 lagun daude enplegu bulegoetan izena emanda.

EAE da langabezia igo den erkidego bakarra

2:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enplegu bulegoetan izena emanda dauden lagunen kopuruak gora egin du martxoan. Langabezia hazi den Estatuko erkidego bakarra da EAE. Zehazki, 510 langabe gehiago zenbatu dira, aurreko hilabetearekin alderatuz gero. Hortaz, 171.405 lagun daude lan barik. Nafarroan, baikorragoa izan da datua, langabe kopurua jaitsi baita (622 lagun), Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren arabera.

2014ko martxoarekin erkatuz gero, ordea, behera egin du langabe kopuruak EAEn (6.743 pertsona, % 3,79 gutxiago).

Lurraldeka eta otsailarekin alderatuz gero, Gipuzkoan bakarrik egin du behera langabeziak (194 lagun, % -0,41 gutxiago); 46.844 langabe daude lurralde horretan. Bizkaian gora egin du lan barik daudenen kopuruak (695 pertsona, % 0,72ko gorakada). Horrenbestez, 96.633 bizkaitar daude lan bila. Araban, apalagoa izan da hazkundea (bederatzi lagun, % 0,03 gehiago) eta, hortaz, 27.928 langabe daude. 2014ko hilabete berarekin alderatuta, langabeziak behera egin du lurralde guztietan: % -3,15, Bizkaian; % -5,54, Gipuzkoan, eta % -2,95, Araban.

Adolfo Alustiza Lanbideren zuzendari nagusiaren aburuz, martxoko langabezia datuek agerian utzi dute enplegua "apurka-apurka baina modu egonkorrean leheneratzen" ari dela. "Apurka-apurka goaz, baina pauso sendoarekin", borobildu du.

Alustizaren esanetan, EAE Estatuan langabezia igo den erkidego bakarra izatea baino, datu ezkor moduan nabarmendu beharrekoa sortutako enpleguaren "behin behin-behinekotasuna eta kalitatea" da.

Bestalde, Lanbideren zuzendariak gogorarazi duenez, Espainiarekin alderatuta, EAEko ekoizpen sistema oso ezberdina da, industriak garrantzi handia duelako. Hala, Kantauri Isurialdeko (Galizia, Asturias, Kantabria, Errioxa eta Nafarroakoa, esaterako) enpleguaren bilakaera "antzekoa" da.

Nafarroan, langabe gutxiago

Nafarroan, aldiz, behera egin du langabeziak. 622 pertsonek eskuratu dute lanpostua martxoan (% -1,27). Horrenbestez, 48.427 lagun daude lan barik foru erkidegoan. Urtebetean 3.997 langabe gutxiago daude Nafarroan, % 7,62ko beherakada, hain justu.

Maria Isabel Garcia Malo Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariak nabarmendu duenez, "martxoa hilabete ona izaten da enpleguarentzat, baina aurtengoa azken bost urteetako jaitsiera handiena da".

Datu "bikaina"

Estatuan ere behera egin du langabe kopuruak, 60.214 lagun. Espainiako Estatuko Enplegu Ministerioak emandako datuen arabera, 4.451.939 lagun daude enplegu bulegoetan izena emanda. 2002ko martxotik izan den jaitsierarik handiena da 2015eko hau. Azken sei urte hauetan, langabeziak gora egin du martxoan.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak nabarmendu duenez, "oso pozik" dago martxoko langabezia tasarekin, datu "bikaina" delako. 60.000 langabe gutxiagorekin eta  160.000 okupatu gehiagorekin, azken urteetako "datu onena" da. RNE irrati kateari eskainitako adierazpenetan agertu duenez, "datu honek itxaropena ematen die lan barik daudenei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa gaur EAE