Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Langabeziak % 13,5 egingo du behera aurten EAEn, Confebasken arabera
Eduardo Aretxaga euskal enpresaburuen elkarteko presidentearen ustez, euskal ekonomiak krisiaren txarrena gainditu du jada, "egoera irauli" egin delako "susperraldiaren ikuspuntutik".
Erredakzioa
Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiaren esanetan, euskal ekonomiak "mailakako hobekuntza" izan du, eta, aurreikuspenen arabera, langabeziak "% 13,5 edo apur bat gehiago" egingo du behera aurten EAEn.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aretxagak euskal ekonomia aztertu, eta "krisiaren aldirik txarrena" igaro dela esan du, "egoera irauli delako susperraldiaren eta enpleguaren ikuspuntutik".
Horren haritik, Confebask ziur agertu du euskal ekonomiak 17.000 lanpostu sortu ahal izango dituela, Gizarte Segurantzako afiliatuei dagokienez.
Gainera, euskal enpresen sareak aurrera egin duela eta enpresa berriak sortzen ari direla erantsi du Confebaskeko zuzendari nagusiak. Aretxagaren ustez, horrek "enplegu gehiago, etorkizun hobea eta aurrerakuntza handiagoa" ekarriko du. Horren ildotik, azken urteotan euskal enpresek "mundura zabaltzen ikasi dute", azaldu du, eta datu bat eman du hori erakusteko: "Krisia hasi baino lehen 7.000 enpresak esportatzen zuten, eta orain 14.000k egiten dute".
Halere, Aretxagak ohartarazi duenez, nazioartean lehiatu ahal izateko euskal enpresek "bat egin beharko dute, handitu, enpresa sarea haz dadin".
Confebasken iritzian, Euskadi inbertsioak berreskuratzen ari da, aurreko urteetan gainditu gabeko ikasgaia izan eta gero, eta, horrek, esan nahi du "konfiantza" dagoela etorkizunean.
Industria sektorea da hazkunde esanguratsurik izan ez duen bakarra, eta, etxegintzari dagokionez, "esan liteke zorua jo duela", Aretxagaren aburuz.