Ekonomia -
Lan gatazka
Lanuzteak, Hegoaldeko Saihesbidean eta Artxandako tuneletan
Lanuztea astearte honetarako dago deituta, 07:00etatik 09:00etara. Transbisa enpresak hiru langile talderi baldintza ezberdinak aplikatzen dizkiela salatu dute.
Erredakzioa
Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea eta Artxandako tunelak kudeatzen dituen Transbisa enpresako beharginak asteartean lanuzte partziala egitera deitu dituzte.
Langileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, enpresak baldintza ezberdinak aplikatzen dizkie hiru langile talderi, eta urtebetez negoziatzen ibili badira ere, ez dute baldintzak homogeneizatzeko akordiorik lortu.
Lan baldintzak hobetzeko hainbat lanuzte partzial deitu dituzte, lehena, astearte honetan (07:00etatik 09:00etara). Enpresak euren aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu, beste lanuzte bat egingo dute apirilaren 2an, Ostegun Santuan, 11:00etatik 13:00etara.