Ekonomia -
Eskaera
Madrilgo Bankua konkurtsoan sartzeko eskatu dute administratzaileek
Azken egunotan Madrilgo Bankuaren egoera ekonomiko eta finantzarioak “okerrera” egin duela argudiatuz, konkurtsoan sartzea eskatu dute administratzaile berriek.
Erredakzioa
Espainiako Bankuak Madrilgo Bankuan izendatutako administratzaile berriek hartzekodunen konkurtsoan sartzea eskatu dute, azken egunotan Madrilgo Bankuaren egoera ekonomiko eta finantzarioak “okerrera” egin duela argudiatuz.
AEBko Financial Crisis Enforcement Networken erabakiak (ikerketa abiatu du BPAk dirua zuritu ote duen argitzeko; Madrilgo Bankua BPAren filiala da) eragin du aipatu egoera, administratzaileek ohar batean jakitera eman dutenez.
“Aurrekoaren eraginez, bezero askok diru kopuru handiak atera dituzte azken egunotan, eta horrek bankuari kalte egin dio bere eguneroko zereginak betetzeko”.
Konkurtsoan sartzeak bermatu egingo luke entitate horren bezeroei eta gainerako hartzekodunei “tratu berdina ematea”.
Beste ohar batean Espainiako Bankuak azaldu duenez, administratzaile berriek “borondatezko konkurtsoan” sartzea erabaki dute, entitatearen jarduera ordinarioa bertan behera utziz, epaileak erabaki bat hartzen duen arte.