Ekonomia -

Euskomer

EAEko merkatariak 'baikor', salmenten gorakadaren aurrean

Beheraldiaren ondoren, goranzko joera hartu dute salmentek, eta Euskomer dendarien elkartea 'baikor baina zuhur' agertu da. Krisiak ekarri duen 'eredu berrira' egokitzeko beharra nabarmendu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskomer EAEko merkatarien konfederazioak krisiak ekarritako salmenta eredu berrira egokitzeko premia nabarmendu du, goizean Bilbon eman duen prentsaurrekoan. Elkartearen arabera, eredu berriak hiru ezaugarri nabarmen ditu: gertuko dendetan erosteko joerak gora egin du, batez ere, elikagaiak. Denda handiak ere euren saltokiak hiriguneetara eramaten ari direla adierazi dute konfederazioko arduradunek.

Internet bidezko salmenten gorakada da bigarren ezaugarria. "Gazteek autobuseko ilara aprobetxatzen dute galtza pare bat erosteko. Dendari txikiek teknologia berrien aldeko apustua egin behar dute, Internetez geroz eta gehiago saltzen baita", esan du Euskomerrek. Horren harira, Internet bidezko salmentak arautzeko legedia aldarrikatu dute, "merkatari asko BEZ zerga ezarri gabe ari baitira saltzen Internetez".

Azkenik, hirugarren ezaugarria saltokiak elkarren ondoan zabaltzea da, denda txikiekin merkataritza-guneak sortuz hiri eta herrietan. "Orain arte, hirigintza proiektuen arabera zabaldu izan dira dendak, bata bestetik oso aparte", adierazi dute elkarteko kideek.

Jon Andoni Aspuru Euskomerreko eta Arabako dendarien federazioko presidentea, Pedro Campo Cecobiko burua eta Iñaki Martinez Gipuzkoako dendarien presidentea agertu dira komunikabideen aurrean, euskal dendarien egoeraren berri emateko. Zazpi urtez jarraian salmenten beherakada izan ondoren,  2015ari "baikor baina zuhur" begiratzen diote, salmentek goranzko bidea hartu dutelako.

Azken urtebetean % 1,7 egin dute gora denda txikietako salmentek. Iaz, autoen salmentak izan zuen gorakadarik handiena, % 6,1.  Handizkako merkataritzaren fakturazioa % 2,3 hazi zen eta txikizkakoa % 0,5.

2015a  merkatarientzat urte ona izango delakoan dago Euskomer, kontsumitzaileen konfiantza 2005etik mailarik altuenean dagoelako.

Bestalde, igande eta jai-egunetan zabaltzearen kontra agertu dira. "Dendari txikiek ez dute inolako interesik igande eta jai-egunetan zabaltzeko", adierazi dute. Euskomerren iritzian, saltoki handiek nahi dute jai-egunetan zabaltzea, dendari txikien kaltean. "Europako eredua dela esaten digute, baina ez da hala. Joan den astean Hamburgon egon ginen, eta dena itxita zegoen. Hegoaldeko eredua ekarri nahi digute, ez Europakoa", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea