Ekonomia -
Iruzurra
Falciani zerrendako zergadunen 7,5 milioi berreskuratu ditu Gipuzkoak
Guztira, 414,6 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen Gipuzkoako Ogasunak iaz, aurreko ekitaldian baino % 5,3 gehiago.
Erredakzioa
Suitzako HSBC bankuan kontuak zituzten Herve Falciani zerrendako zergadunen 7,5 milioi euro berreskuratu zituen Gipuzkoako Ogasunak iaz.
Helena Franco Ogasun diputatuak azaldu duenez, 2010ean EAJk eta Hamaikabatek Aldundia gobernatzen zutenean, ‘Falciani zerrenda’ko 68 zergapeko gipuzkoarren izenekin agiri bat entregatu zioten Pello Gonzalez orduko Ogasun diputatuari.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean azalpenak eman ditu Francok, PSEk eskatuta. 2014an, iruzur fiskalaren kontrako borrokan izandako emaitzak azaldu ditu Ogasun diputatuak.
414,6 milioi euroko iruzurra
Guztira, 414,6 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen Gipuzkoako Ogasunak iaz, aurreko ekitaldian baino % 5,3 gehiago.
Xabier Olano Ogasun zuzendariak adierazi duenez, “Ikuskaritzako datuak bikainak dira”; izan ere, “2014an baino % 50,2 iruzur gehiago” azaleratu du zerbitzuak, ikuskapenei eta iruzurraren aurkako unitate berriaren lanari esker.
2011tik 2014ra arte, “iruzur gehiago antzeman dute, oro har, zerga guztietan, baina batez ere bazkun-zergan”, esan du Olanok; guztira, 1.523,7 milioiko iruzurra.
Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarekin 112,2 milioi euro berreskuratu ditu Gipuzkoak, 2013an baino % 7,5 gehiago. BEZarekin azaleratu den iruzurrak, ostera, % 4,3 behera egin zuen 2014an.