Ekonomia -
Europako Banku Zentrala
EBZ martxoaren 9an hasiko da Euroguneko zor publikoa erosten
Europako Banku Zentralak % 0,05eko gutxieneko historikoan utzi ditu interes tasak.
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak iragarri du martxoaren 9an hasiko dela euroa duten estatuetako zor publikoa eta pribatua erosten.
Draghik EBZren Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean, Nicosian, azaldu duenez, zor publikoa eta pribatua erosteko urtarrilaren 22an onartu zuten egitasmoa dagoeneko hasi da emaitza onak ematen finantza merkatuan.
EBZren presidenteak gogorarazi du hilean 60.000 milioi euro arte inbertituko dutela zor publikoaren eta pribatuaren erosketetan hilero, 2016ko iraila arte gutxienez.
Draghik esan du EBZk errentagarritasun negatiboko bonuak erosiko dituela, gehienez % -0,2an.
"Dagoeneko ikusi ditugu moneta politikako erabaki horien ondorio positiboak. Finantza merkatuaren baldintzak eta ekonomia pribaturako kanpo finantzaziorako kostuak murriztu egin dira", gaineratu du.
Interes tasak
EBZren Gobernu Kontseiluak interes tasak %0,05ean, minimo historikoan, uztea erabaki du.
Bestalde, Eurostat estatistika bulegoak aurreratutako datuan oinarrituta, erakundeak jakinarazi du urtearteko inflazio tasa % -0,3an geratu zela otsailean.
Bestalde, Euroguneko Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea azkartu egin zen 2014ko azkeneko hiruhilekoan, eta % 0,3 hazi zen.
Langabeziari dagokionez, urtarrilean % 11,2an geratu zen, aurreko hilean baino hamarren bat beherago, eta 2014ko urtarrilean baino sei hamarren beherago.