Ekonomia -

Bankia auzia

Bankiak gehienez ere 780 milioi bideratuko ditu kalte-ordainetara

2012ko burtsaratzea dela eta, aurkeztutako salaketei aurre egiteko kopurua zehaztu eta aparteko baliabide publikorik ez dela erabiliko azpimarratu du FROBek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BFA eta Bankia 2012an burtsaratu ostean jarritako salaketei aurre egiteko kalte-ordainen gehienezko kopurua zehaztu du ostiral honetan Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak (FROB, gaztelaniaz): 780 milioi euro. Erakundeak nabarmendu duenez, zeregin horretarako ez da "inolaz ere" aparteko baliabide publikorik erabiliko.

Gaur zabaldutako oharrean, BFAko Administrazio Kontseiluaren esku utzi du FROBek behin betiko kopurua zehaztea, baina hainbat baldintza ezarri dizkio. Erakundea Bankiaren % 62ren jabe da.

BFA-Bankia taldeari emandako diru-laguntzak "itzultzeko prozesua maximizatzeko eta baliabide publikoak modu eraginkorrean erabiltzeko" dira baldintzok. Horietako bat, banketxearen eta bere filialaren artean ordaindu beharreko kalte-ordainen kopurua "gehienez ere, eta egoerarik txarrenean, 780 milioi eurokoa izatea".

Erabaki honek ez du FROBek orain arte Bankiaren auzian jarraitu duen estrategia judiziala aldatzen, eta "etorkizunean ere helduko dio horri".

Hilabeteak daramatza erakundeak ebazpena atzeratzen, baina gaur bertan eman du albistea, halabeharrez, 2014ko kontuak onartu behar baititu bihar Administrazio Kontseiluak.

Zalantzan egon da orain arte kalte-ordainak BFAk edo Bankiak ordainduko dituen. Gaur kaleratutakoaren arabera, baina, FROBek BFAren eta Bankiaren esku utzi du kalte-ordainak nola banatuko dituzten erabakitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak