Ekonomia -
Lan-gatazka
24 orduko lanuztea egingo dute astearte honetan Eusko Irratian
Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko eta Radio Vitoriako 60 langile baino gehiago kaleratzea aurreikusten duen erregulazio txostena bertan behera uzteko eskatu dio gehiengo sindikalak EiTBri.
Erredakzioa
Eusko Irratiko langileen batzordeko gehiengoak erabakita, 24 orduko greba egingo dute bihar, asteartea, otsailaren 24a, EiTBko irrati guztietan, Euskal Irrati Telebistak planteatutako lan-erregulazio espedientearen kontra protesta egiteko.
Sindikatu guztiek babestu dute greba, LABek izan ezik, eta horrekin batera, erregulazio txostena bertan behera uzteko eskatuko diote EiTBren Administrazio Kontseiluari; izan ere, bilera egingo du greba egunean bertan.
Era berean, langileen ordezkariekin akordio batera iristeko deia egingo diote Zuzendaritzari, Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko eta Radio Vitoriako 60 langile baino gehiago kaleratzea galarazteko, ELAk prentsa-ohar batean jakinarazi zuenez.
Hala, langileek kontzentrazioak egingo dituzte EiTBren egoitzen aurrean, 15:30etik aurrera. Bilbokoaren kasuan, 16:30ean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino joango dira manifestazioan.