Ekonomia -

Eusko Irratia

Iturbe: 'EiTBk Administrazio Kontseiluaren agindua bete behar du'

Zuzendari nagusiak esan du Eusko Irratiko kaleratzeen agindua "atzera botatzeko aukera bakarra" Administrazio Kontseiluak berak eskatzea dela.

Maite Iturbe EITBren zuzendari nagusia. Argazkia: EiTB
Maite Iturbe EITBren zuzendari nagusia.
Iturbek Eusko Irratian egindako LEPri buruzko argibideak eman ditu

2:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiaren esanetan, "EiTBk Administrazio Kontseiluaren agindua bete behar du", baita Eusko Irratiko langileen kaleratzeen kasuan ere. Hori horrela, Eusko Irratiko kaleratzeen agindua "atzera botatzeko aukera bakarra" Administrazio Kontseiluak berak eskatzea dela azpimarratu du.

Iturbek berak eskatuta Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, Eusko Irratian egindako Lan Eskaintza Publikoaren prozesuari buruzko argibideak eman ditu.

Zuzendari nagusiak gogorarazi duenez, Administrazio Kontseiluaren % 70 agertu zen Eusko Irratian 49 lanposturen lan eskaintza publikorako deialdia egitearen eta 30 lanpostu kentzearen alde.

Horregatik, akordio hori EiTBrentzat "agindu argia" izan zela eta horren arabera jokatu duela adierazi du, Lan Eskaintza Publikorako Deialdia eginez eta 800 hautagairen artean 49 aukeratuz.

Horren harira, agindu hori "atzera botatzeko modu bakarra" Administrazio Kontseiluak berak atzera egitea dela esan du.

EiTBko buruak Eusko Legebiltzarrak otsailaren 5ean onartutako ebazpena izan du hizpide, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk zuzendariaren dimisioa eta Eusko Irratiko 30 kaleratzeak bertan behera uzteko eskatu zuelako.

Iturbek azpimarratu du Legebiltzarrak onartutakoa ez dela loteslea, eta alor horretan, EiTB arautzen duen legeak adierazten duenez, bi agindu kontrajarriren artean Administrazio Kontseiluarena nagusitzen da.

"Gauza kontrajarriak eskatzen dizkigute. Gogotsu aztertu dut, eta egokiena Kontseiluaren erabakia jarraitzea dela iritzi diot", gaineratu du.

Lanpostuak kentzeari dagokionez, gogorarazi du Auzitegi Gorenaren ebazpen batek kaleratze kolektiboa egitea agintzen duela, baina EiTB kaleratzeen "baldintzak" eta "neurri aringarriak" negoziatzeko prest dagoela.

Alderdien erantzuna

Luke Uribe-Etxebarriak (EAJ) soilik babestu du Iturberen lana. Legebiltzarkide jeltzalearen arabera, zuzendari nagusia "modu profesionalean eta zuhur ari da lan egiten", eta oposizioko alderdien kritikak "hauteskunde estrategiengatik" izan direla azpimarratu du.

Unai Urruzuno EH Bilduren bozeramaileak Lan Eskaintza Publikoa defendatu du, EiTBko enplegua egonkortzen laguntzen duelako, baina kaleratzeak errefusatu ditu. Horren harira, "irtenbidea" eskatu du kaleratutako 30 langileentzat, eta merkataritza kontratuak aipatu ditu aukera gisa. Bestalde, koalizioak iragarri du ez duela Iturberen kargugabetzea defendatuko Administrazio Kontseiluak bihar egingo duen bileran; izan ere, "eztabaida politikoak" Legebiltzarrean egin behar direla iritzi dio.

Bestalde, Mikel Unzalu PSE-EEren legebiltzarkideak gai honen "kudeaketa txarra" salatu du, eta arazoa "ezin okerrago" jorratu izana leporatu dio Iturberi. Gainera, EiTBko Administrazio Kontseilua eta zuzendari nagusia Eusko Legebiltzarrak hautatzen dituela eta horren aginduari jaramon egin eta kaleratzeak bertan behera utzi beharko lituzkeela gogorarazi dio.

PPren aldetik, Nerea Llanosek esan du bere alderdia izan zela 2014ko apirileko akordioaren kontra agertu zen bakarra, eta Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak dimititzeko asmorik ote duen galdetu dio zuzendari nagusiari.

Protesta

Bestalde, Eusko Irratiko langileek kontzentrazioa egin dute Eusko Legebiltzarraren atarian, EiTBren zuzendaria bertan zela aprobetxatuta, kaleratzeen kontra protesta egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra EAE albisteak