Ekonomia -

Epaia

Santanderrek 70.000 euro ordaindu beharko ditu Fagorren ekarpenengatik

Bankuak senar-emazte batzuen sinadurak faltsutu zituen Fagor Etxetresnaken finantza-ekarpen subordinatuak kontratatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako epaitegi batek 69.975 euro itzultzera zigortu du Santander Bankua, Fagor Etxetresnaken finantza-ekarpen subordinatuak erosteko kontratu batean senar-emazte batzuen sinadurak faltsutzeagatik.

Epaia Olaizola Abogados y Asociados abokatu bulegoak zabaldu du, bertakoa baita senar-emazteak defendatu zituen abokatua. Epaiaren arabera, frogatutzat jo dute Santander Bankuak "araudia erabat urratu" zuela, "bezeroari oinarrizko informazioa ezkutatzeagatik, hau da, erosten ari zen produktua ezagutu eta horren arriskuen berri izateko beharrezko informazioa ezkutatzeagatik"; alegia, "inbertsioa behin betikoa zela eta likidezia falta izateko arriskua" ezkutatzeagatik.

Ekarpenak salerosteko operazioa 2006ko uztailaren 13an egin zuen, 69.975 euroren truke, Santander Bankuak. Iruzurraren biktimak horren bezeroak izan dira 40 urtez, eta orain dirua itzuli eta data horretatik aurrera eragindako interesak ere ordaindu beharko ditu.

Epaiak bezero horien sinaduren gainean aditu batek egindako txostena ere jaso du. Adituaren arabera, operazio horren zenbait agiritan, besteak beste, baloreen erosketa (Produktu Gorria deitutakoa) jasotzen duenean, eta Santander Bankuaren Prozeduraren Eskuliburuan agertzen diren sinadurak ez dira "demandatzaileek" egindakoak, "faltsututakoak" baizik.

Aipatutako proba horretatik epaileak ondorioztatu duenez, bi bezeroen NAN agirietatik kopiatutako sinadurak dira eta, zantzu guztien arabera, "pertsona bakar batek faltsutu zituen".

"Hori dela eta, ondoriozta dezakegu aipatutako agirien eta adierazpenen arabera, ezin dela baieztatu demandatzaileek Fagorren ekarpenen gaineko informazio nahikoa izan zutenik, ez produktu horren funtzionamenduaren inguruan, ezta horren arriskuen inguruan ere", gaineratu du epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor Donostia Gipuzkoako albisteak Banco Santander albisteak