Ekonomia -

Enplegu sailburu berria

Toñak onartu du akatsa izan zela gaitasungabetzearen berri ez ematea

Enplegu sailburu berria pozik agertu da euskal sindikatu guztiek haren kudeaketa babestu dutelako.

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EiTB
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburua Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EiTB
Etika batzordearen esku utzi du bere kasua Angel Toñak

1:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak onartu du akatsa izan zela Urkullu lehendakaria jakinaren gainean jarri ez izana. Izan ere, atzo ezagutu zen Bizkaiko Auzitegiak konkurtso administratzaile izateko 18 hilabeteko gaitasungabetzea ezarri diola.

Bestalde, pozik agertu da euskal sindikatu guztiek haren kudeaketa babestu dutelako. Atzo, Toñak Eusko Jaurlaritzaren Etika Batzordearen esku utzi zuen gaia eta nabarmendu du albiste ona litzatekeela sailburuak karguan jarraitzea.

Toñak Eusko Legebiltzarrean gaur egin den osoko bilkuran parte hartu du eta legebiltzarkideen aurrean hitz egin du. Berarentzat egun "zailak" izan direla onartu du eta galderarik ez egiteko eskatu du.

Enplegu sailburu berriak aitortu du "akatsa" egin duela eta "eragindako mina" deitoratu du. Halaber, azpimarratu du ez zela jakitun auzia lehendakariari ez kontatzeak zer ondorio izango zituen.

Etika Batzordeak datozen egunotan hartuko du Toñari buruzko erabakia

Eusko Jaurlaritzaren Etika Batzordeak datozen egunotan erabakiko du Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak karguan jarraitu behar duen ala ez, Bizkaiko Auzitegiak Toñari konkurtso administratzaile izateko inhabilitazioa ezarri ondoren.

Angel Toñak kargua hartu eta biharamunean ezagutu zen hamazortzi hilabeterako inhabilitazioa ezarri dion epaia, eta sailburu berriak horri buruzko azalpenak eman zizkion atzo Iñigo Urkullu lehendakariari. Halaber, inhabilitazioari buruzko informazio guztia Eusko Jaurlaritzaren Etika Batzordearen esku utzi du, erabakia har dezan.

Etika Publikoko Batzordearen presidentea Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramailea da, eta auzi horri nola egin beharko liokeen aurre aholkatuko dio Jaurlaritzari.

Erkorekarekin batera, Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak, Elisa Perez Vera legelariak, Daniel Innerarity filosofoak eta Maite Iruretagoiena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak osatzen dute batzorde hori.

Iñigo Urkulluren Gobernuak 2013ko maiatzean onartu zuen Kode Etikoa, eta aldi berean sortu zuten batzordea. Kodeak Jaurlaritzako kide eta EAEko Administrazio Publikoaren goi-kargudun guztiei eragiten die.

Kodean jokabide egokiak identifikatzen dituzte, eta baita urraketa bakoitzari dagokion zigorra ere. Goi-kargudunek lana zintzotasunez, zuzentasunez eta prestutasunez egin behar dutela dio Kode Etikoak, eta gardentasuna eta inpartzialtasuna aipatzen ditu.

Hala, egun batzuk beharko dira Angel Toñari buruzko erabakia kaleratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak