Ekonomia -

Enplegu sailburu berria

Toñak Jaurlaritzaren Etika Batzordearen esku utzi du bere kasua

"Ahal bezain laster erabaki bat har dezan, informazio guztia" helaraztea erabaki du Enplegu sailburu berriak.

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburua. Argazkia: Efe
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburua.
Angel Toña administratzaile konkurtsalerako inhabilitatuta dago

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak bere kasua Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikoaren Batzordearen esku uztea erabaki du, eta bere gaitasungabetzea horrelako prozesuetan "ohikoa" dela azpimarratu du.

Toñak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariari inhabilitazioaren inguruko "azalpen guztiak" eman dizkio gaur goizeko bileran, eta Eusko Legebiltzarrera joango da, "auzia erabat argitzeko beharrezko azalpen guztiak ematera".

Bestalde, Toñak esan du Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren ebazpenak "merkataritza izaera" duela, eta ez dela "zigor ebazpena".

Toña (Jose Maria Aburtoren ordezkoa, atzotik) zigortu egin zuten, likidazioan zehar ordainketen ordena aldatu eta enpresa horiek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin eta gutxienez bost langilerekin zuten zorra atzeratzeagatik, eta izendapena jaso eta biharamunean komunikatua igorri du kasuaren inguruko bere bertsioa emateko.

Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikoko Batzordea

Horregatik guztiagatik, Toñak erabaki du Eusko Jaurlaritzaren Etika Publikoko Batzordera eramatea bere kasua, "ahal bezain laster erabakia har dezan".

Etika Publikoko Batzordearen presidentea Josu Erkoreka Justizia sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramailea da, eta auziari nola aurre egin aholkatu ahal izango dio Jaurlaritzari.

Erkorekaz gain, Andres Zearreta Funtzio Publikoaren sailburuordeak, Elisa Perez Vera legelariak, Daniel Innerarity filosofoak eta Maite Iruretagoiena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak batzordea osatzen dute.

Iñigo Urkulluren Gobernuak 2013ko maiatzean Kode Etikoa onartu zuen eta batzordea aldi berean sortu zuten. Kodeak Jaurlaritzako kide eta EAEko Administrazio Publikoaren goi-kargudun guztiei eragiten die.

Kodean jokabide egokiak identifikatzen dituzte, eta baita urraketa bakoitzari dagokion zigorra ere. Goi-kargudunen lana zintzotasunean, zuzentasunean eta prestutasunean oinarritu behar dela dio Kode Etikoak. Era berean, gardentasuna eta inpartzialtasuna aipatzen ditu.

Oposizioaren gehiengoak kargutik kentzea eskatu du

EH Bilduk, PPk eta UPyDk Angel Toña kargutik kentzea eskatu dute, legea urratu duelako eta Gizarte Segurantzari eta langileei kalte egin zielako. Kode etikoa ere urratu ahal izan duela uste dute taldeek. Sententziak sailburu izatea galarazten diola erantsi dute.

Bestalde, PSE-EEk lehendakariari azalpenak eskatuko dizkio Eusko Legebiltzarrean, ostiralean. Oposizioko gainerako taldeek ere gauza bera egingo dute. EAJk ez du momentuz adierazpenik egin.

Sindikatuek, ostera, ez dute Toñaren jokabidea salatzeko arrazoirik ikusten. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan du sindikatua ez zela Angel Toñaren inhabilitazioa ekarri duen salaketara gehitu, Enplegu sailburu berriaren jarduera ?ez zelako okerra izan?.

Era berean, ELA sindikatuak adierazi du ez duela sailburuak egindako lana "gaitzesteko arrazoirik" ikusten. Unai Sordo Euskadiko CCOOren idazkari nagusiaren hitzetan, kasua ?dezente puztu? dute

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak