Ekonomia -
2015erako aurreikuspena
Adegi: 'Gipuzkoa % 2,3 haziko da eta 6.000 lanpostu sortuko dira'
Gipuzkoako patronalaren arabera, industria "% 4,5 hazi behar da" ekonomia suspertzeko, eta hori, oraingoz, "oso zaila da".
Erredakzioa
Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen aurreikuspen ekonomikoen arabera, 2015ean % 2,3 haziko da Gipuzkoa eta enpresek 5.000 eta 6.000 lanpostu artean sortuko dituzte lurrale horretan, 2014an halako bi.
Egoera ekonomikoaren inguruko azken ikerketa aurkeztu dute gaur Donostian Pello Guibelalde Adegiko presidenteak, Jose Miguel Ayerza patronalaren idazkari nagusiak eta Patxi Sasigain Lehiakortasun eta Berrikuntza zuzendariak.
Guibelaldek emandako datuen arabera, 2008 eta 2014 urteen artean, krisi ekonomikoaren urterik latzenetan, Gipuzkoak "2.000 enpresa eta 30.000 lanpostu galdu ditu eta industria-ekoizpenak 30 puntu egin du behera". Ekonomia suspertzeko, industria "batez beste % 4,5 hazi behar da" eta hori, oraingoz, "oso zaila da", Adegiren ustez.
2015ean gauzatuko diren aurreikuspenei dagokionez, ekonomia % 2,3 haztea eta 5.000-6.000 lanpostu sortzea espero du Gipuzkoako patronalak. Enpresek "baikortasunez" heldu diote aurtengo ekitaldiari, Adegiren esanetan, baina "eszeptizismo osasuntsua" ere behar dela azpimarratu du Guibelaldek, "zalantzak" daudelako 2015z haratago.
"Gipuzkoako esportazioak bi zifrako tasetara igo behar dira eta inportazioek apalagoak behar dute izan, dolarrak duen indarrak eraginda", azpimarratu du.