Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

AHTa 2019an izango da martxan

"Proiektuak ez du atzera bueltarik", nabarmendu du Ana Pastor Sustapen ministroak, Bergarako lanetara egindako bisitan.

Ana Oregi eta Ana Pastor, AHTren Bergarako lanetan. EFE
Ana Oregi eta Ana Pastor, AHTren Bergarako lanetan. EFE
AHTa 2019an martxan izango dela iragarri du Ana Pastorrek

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trena (AHT) 2019 urtean jarriko dute azkenean martxan, Ana Pastor Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak iragarri duenez. "Proiektuak ez du atzera bueltarik", nabarmendu du.

Euskal Yaren lanak oso atzeratuta daude. Izan ere, 2016 urterako bukatuta egon behar ziren, lehen asmoen arabera, baina krisiak gogor astindu du azpiegitura. Batik bat, Espainiako Gobernuaren tarteek dute atzerapen larrienak.

Pastorrek Bergarako lanetara egindako bisita batean egin du iragarpena, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarekin batera.

Ministroaren esanetan, zor guztiak dagoeneko "ordainduta" daudelako eta "lan berriak abiatzeko" dirua dagoelako jarri ahal du orain azpiegitura guztiz bukatzeko data.

"Horrenbestez, arazo teknikorik egon ezean, Euskal Ya 2019an izango da martxan", azaldu du.

Bere hitzaldian, Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak azpimarratu du Abiadura Handiko Trena "azpiegitura giltzarria eta oso beharrezkoa" dela Euskal Herriarentzat, eta oso pozik agertu da "konplexutasun handiko" lanak badira ere, "bide onetik" doazelako. Ildo horretan, Espainiako Gobernua AHTren lanei ematen ari den "bultzada garrantzitsua" azpimarratu du eta Rajoyren Gobernuak bi mila milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin duela gaineratu du.

Bestalde, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak nabarmendu du Abiadura Handiko Trena (AHT) dela azken hamarkadetako lanik garrantzitsuena, tamainari, dimentsio ekonomikoari eta Euskadiko hiritarrengan etorkizunean izango duen eragina kontuan hartuz gero. Halaber, adierazi du bi aldeek egin duten bileran, etorkizuneko egitasmoak zehazteko eskatu diola Espainiako Sustapen Ministerioari, "lanak modu koordinatuan eta lehenbailehen amaitzeko.

Pastor AHT Bergara. EFE

Ana Oregi eta Ana Pastor, Bergarako lanetan. EFE

Atzerapenak eta finantziazio eza

Espainiako Gobernuak Bizkaiko eta Arabako tarteak eraiki behar ditu, eta, Jaurlaritzak, Gipuzkoak.

Lurralde horretan, kilometroen % 86 bukatuta edo esleituta daude dagoeneko, baina Bizkaian eta Araban atzerapen handiak daude.

2013an, Espainiako Gobernuak ia erdira murriztu zuen AHTa eraikitzeko aurrekontua, eta iaz ere ez zen askoz handiagoa izan. Hori dela eta, Jaurlaritzak konpromisoa eskatu izan dio Madrili.

Europako Batzordeak 2020 urte arteko epea eman zuen lan guztiak bukatzeko.

Sustapen ministroak esan du, urtea amaitu aurretik, esleitu gabe dauden zati guztiak esleitu egingo dituela eta, hortaz, lanean egongo direla.

Une honetan, Bergarako lotuneak dituen bost zatietatik bakarra dago esleituta, Kobateko zatia, alegia. Bergarako korapiloa euskal Yaren puntu "garrantzitsuena" da, bertan lotzen baitira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik datozen trenak.

EH Bilduk luzapena eskatu du

EH Bilduren Legebiltzarreko taldeak trenbide sarearen lanen luzapena eskatu du, eta garraio publiko iraunkorreko sare berri bat diseinatzeko parte hartze prozesu bat abiatzea aldarrikatu du. Maeztuk "zulo fisiko eta ekonomikoa" eta gainkostuak amaitzea eskatu du.

EH Bilduren legebiltzarkideak gogor kritikatu du Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "dirua xahutzen" jarraitu nahi izatea, dirua egoera sozioekonomiko larrian dauden pertsonentzat bideratu beharrean.

"Dirua zementura bideratzen da, nondik nora joan behar den ez dakigun azpiegitura batera, Espainiako eta Frantziako Estatuetarako loturak ez baitaude ziurtatuta", azaldu du Maeztuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak