Ekonomia -
Enpresak laguntzeko
Enplegua sustatzeko babes publikoaren alde egin du PSEk
Halaber, Carlos Totorika Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia sozialistak ohartarazi duenez, "lan-baldintza okerrek pobrezia areagotzen dute".
Erredakzioa
Enplegua sustatzeko babes publikoaren alde egin du Euskadiko Alderdi Sozialistak eta, horren harira, enpresei laguntzeko baliabide handiagoak zuzentzea proposatu du, bereziki, hezkuntza eta berrikuntza arloetan.
Adierazpen hauek Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai sozialista eta Ermuako alkate Carlos Totorikak egin ditu Ermuan bertan igande honetan izandako Enplegurako Batzar Irekian. Mikel Torres PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia ere bertan izan da, gainerako hautagai, ordezkari eta hainbat herritarrekin batera.
Totorikak esan duenez, enplegua suspertzeko herrialde eskandinaviarretan ezarri dituzten "esperientzia onak" eredutzat hartu beharko genituzke. "Lanpostuak sortzeko baldintzen alde gehiago egin ditzakete tokiko administrazioek eta Bizkaiko Foru Aldundiak", azpimarratu du.
Lanaren aldeko konpromisoa
"Enplegua ez da soilik enpresetan sortzen. Agintari publikoek zeresan handia dute enpleguaren sormenean", gaineratu du. Horren adibide gisa Ermuako Izarra eraikina aipatu du, hor bertan Enplegurako Batzar Irekia egin baitute.
Hautagai sozialistak azaldu duenez, azken 2 urtetan 20 enpresa berri instalatu dira bertan. "Lanpostuak ez dira sortzen errezeta magikoei esker, apustuarekin, ilusioarekin, baliabideekin eta aldeko baldintzekin baizik", esan du.
"Hori aginte publikoetatik egin behar dugu, horretan konprometitu behar gara, enplegua sustatzea ez baita aukeran, funtsezkoa baizik", nabarmendu du, "ez da murrizketak egiteko unea, babes publikoa suspertzeko unea, baina".
Bestalde, sozialisten lehentasuna enplegua dela eta izango dela azpimarratu du Mikel Torresek, "lanpostuen garapena, hazkunde ekonomikoa eta proiektu berriekiko konfiantza gure nortasun-adierazleak direlako".