Ekonomia -
Araudi berria
BBK, Vital eta Kutxa, Kutxen Legearen aurrean alegazioak prestatzen
Eusko Jaurlaritzak Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Lege Aurreproiektuaren kontsulta publikorako eta alegazioak aurkezteko epea zabaldu du asteartean.
Erredakzioa
Iaztik banku fundazio diren euskal kutxen gizarte ekintzaren gaineko kontrola izaten jarraituko du Eusko Jaurlaritzak, Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak asteartean aurkeztutako Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Lege Aurreproiektuaren arabera. Espainiako legedia EAEra egokitu eta fundazioen erregimen juridikoa arautu nahi du Gasteizko Gobernuak.
Espainiako Estatuan arautu gabe dauden ezaugarri batzuk zehazten ditu Aurreproiektuak, gizarte ekintzaren alorrean bereziki. Besteak beste, fundazioen dibidenduen % 90 gizarte ekintzara bideratu beharra dagoela zehazten du. Lehenago aurrezki kutxei eragiten zien araudiaren zati bat da hori, hemendik aurrera banku fundazioei ezarriko zaiena.
El Correo egunkariak jakinarazi duenez, BBK, Kutxa eta Vital alegazioak prestatzen ari dira, Aurreproiektuaren hainbat punturekin ados ez daudelako. Jaurlaritzak aurkeztutako aurreproiektuak haserrea eragin du euskal kutxetan, aipatutako hedabidearen arabera.
Kutxen arabera, 2012ko araudia orduko aurrezki kutxen ezaugarriak aintzat hartuta zehaztu zen. Orain, fundazio bilakatu direla kontuan hartuta, gizarte ekintzaren kudeaketa kutxei beraiei dagokiela uste dute BBK-k, Kutxak eta Vitalek. Hala, Jaurlaritzak gizarte ekintzaren gaineko kontrolari eusteko arrazoirik ez dagoela iritzi diote.