Ekonomia -
KPI
Prezioek negatiboan itxi dute 2014a, historian lehen aldiz
% 0,7koa eta % 1,2koa da beherakada EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren, eta erregaiak merkatzeak eragin du, hein handi batean.
Erredakzioa
Erregaien, berokuntzarako gasolioaren eta elikagai batzuen merkatzearen ondorioz, negatiboan itxi dute urtea prezioek, historian lehen aldiz. Hala, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) % 0,7 eta % 1,2 egin dute behera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, hurrenez hurren, aurreko urteko datuekin alderatuta, Estatuko Estatistika Institutuak gaur kaleratutako datuen arabera.
Estatuan, % 1 egin dute behera prezioek. Indize hau zenbatzen denetik (1962), lehen aldiz izan da abenduan urte arteko tasa negatiboa. Are gehiago, 2009ko uztailetik erregistratu den tasa negatibo handiena da; orduko hartan -% 1,4koa izan zen.
Abendukoa 2014ko tasa negatibo altuena da, eta 15 hilabetean zortzigarren aldiz erregistratu dute urte arteko tasa negatiboa. Datuok gorabehera, Espainiako Gobernuak ez du uste deflazio arriskua dagoenik.
Abenduko KPIari arretaz begiratzen diote langileek, lan-hitzarmen askotan hurrengo urteko soldata igoera ezartzeko erreferentea delako eta beste askotan KPIaren desbideratzea orekatzeko erabiltzen dutelako.
Estatitiska Institutuaren arabera, produktu jakin batzuen merkatzeak eragin du KPIaren beherakada; zehazki, zenbait elikagai eta alkoholik gabeko edariak, garraioa eta etxebizitza dira gehien merkatu direnak. Azken bi horietan zeresan handia izan du erregaien prezioen jaitsierak: garraiobideen kasuan, erregaien eta lubrifikatzaileen merkatzeak, eta, bigarrenean, berokuntzako gasolioarenak.
Prezioak Nafarroan jaitsi dira gehien
Lurraldez lurralde, Nafarroan jaitsi dira gehien prezioak (% 1,2), baina Bizkaian (% 0,8), Araban (% 0,6) eta Gipuzkoan (% 0,5) ere egin dute behera.