Ekonomia -
Estatuko Datuak
1998tik jaitsierarik handiena izan du langabeziak Estatuan
4.447.711 langabe zenbatu dira Espainiako Estatuan 2014ko abenduko datuetan. EAEn ia puntu bat (% 0,96) egin du behera langabeziak eta Nafarroan, berriz, % 7,19.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan langabeziak behera egin du. 2014ko abenduan jasotako datuen arabera, iazko azaroan baino 2.958 pertsona gutxiago daude langabezian. Denera, 165.771 langabe zenbatu ziren abenduan EAEko langabezia-bulegoetan, aurreko hilean baino % 1,75 gutxiago. Espainiako Lan Ministerioak eman ditu gaur datuok. Urteko batez bestekoa aterata, EAEn ia puntu bat ( % 0,96) egin du behera langabeziak, 2013an baino 1.603 pertsona gutxiago daude lanik gabe. Nafarroan, berriz, % 7, 19 jaitsi da langabezia 2014an; 2013an baino 3.702 pertsona daude langabezian.
Bizkaian 1.911 langabe gutxiago zenbatu ziren abenduan ( aurreko hilabetean baino % 2,02 gutxiago), Araban 114 gutxiago ( % 0,42 gutxiago) eta Gipuzkoan 933 gutxiago ( % 1,99 gutxiago). Denera, 2014ko abenduan 887.234 lagunek zuten izena emanda Gizarte Segurantzan EAEn, duela urtebete baino 12.073 gehiagok.
Nafarroan ere behera egin du langabeziak: 2014ko datuak kontuan hartuta, 2013an baino 3.702 pertsona gutxiago daude langabezian Foru Erkidegoan, % 7,19 gutxiago. 2013ko azaroko datuekin alderatuta baina, abenduan gora egin zuen langabeziak Nafarroan, 280 langabe gehiago zenbatu ziren.
Estatuan, 1998tik jaitsierarik handiena
Estatuan, 4,4 milioi langabe zenbatu ziren 2014ko abenduko datuetan, 2013ko abenduan baino 253.627 gutxiago (- %5,39). Datuen arabera, 2006tik izan den bigarren beherakada da aurtengoa, 2013koaren ondoren.
Bestalde, azaroan baino 64.405 langabe gutxiago daude Estatuan.
Gizarte Segurantzari dagokionez, afiliazioek gora egin dute azken hamabi hilabeteetan (% 2,55). Lehenengo igoera izan da, krisia hasi zenetik. Guztira, 16,7 milioi afiliatu daude Estatuko Gizarte Segurantzan.
Euskadiko CCOOk esan du EAEko jaitsiera "oso urria eta, hortaz, kezkagarria" dela. "Datu horiein, ez gara eskubideak berreraikiko dituen susperraldira joango. Horren ordez, berretsi egiten da prekarietatera eta babesgabetasunera garamatzan eredua".