Ekonomia -
Kutxabank
Langileak Kutxabanken pribatizazioaren aurka daude ELA eta LABen ustez
Kutxabanken izandako hauteskunde sindikalen emaitzek hori adierazten dute, bi sindikatu horien arabera.
Erredakzioa
Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, Kutxabanken berriki egin diren hauteskunde sindikalen emaitzek erakusten dute (ELAk eta LABek gorakada izan dute) langileak pribatizazioaren kontra daudela.
Muñozek Kutxabanken Bilboko egoitza nagusiaren aurrean egin den kontzentrazioan parte hartu du, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiarekin batera. Gaurko protesta ekitaldia bi sindikatuek Kutxabanken pribatizazioaren aurka abiatutako kanpainaren baitan egin dute.
Hiru euskal kutxen fusioaz geroztik Kutxabanken egindako lehen hauteskunde sindikaletan, CCOOk irabazi ditu hauteskundeak 51 ordezkari eskuratuta ELAren aurretik (31 ordezkari). Hala ere, lehen Caja Sur kutxa zenean lortutako ordezkariei esker lortu du garaipena; izan ere, CCOOk lortutako 51 ordezkarietatik 21 soilik dira Euskal Autonomia Erkidegoan lorturikoak. EAEko datuei erreparatuta, ELAk irabazi ditu hauteskundeak eta botoetan igoera izan du; CCOOk, berriz, boto galera izan du.
Muñozen iritziz, "emaitza on horiek erakusten dute Kutxabankeko langileek eta euskal gizarteak ez dutela nahi belaunaldi askoren ahaleginarekin lorturiko ondarea pribatizatzea".
Azaldu duenez, ELA eta LAB sindikatuek ez dute inolako harremanik izan Gregorio Villalabeitiarekin, Kutxabankeko presidente berriarekin; baina, haren aurretik karguan egon zenarekin ere horrela izan zela gogoratu du.
"Kutxabankeko akzioak nola salduko diren eztabaidatzen ari dira eta horrek 40.000 milioi euro espekulatzaileen eskuetan uztea ekarriko du, diru hori hazkunde ekonomikora bideratu beharko zenean", adierazi du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak.
Ainhoa Etxaideren esanetan, LAB sindikatuak akzioak kutxa sortzaileei itzultzeko eskatzen jarraituko du. Gaineratu duenez, pribatizazio prozesua lehengoratzea posible da eta horretarako arazo bakarra borondate politikoa da. Horren aurrean, eta etorkizunean ere borondaterik ez badago, erabaki aldaketa bat bultzatuko dutela azpimarratu du.