Ekonomia -

MC-ren kongresua

MCk enpresen gaineko exijentzia eta kontrol maila areagotuko ditu

Javier Sotil presidenteak azaldu duenez, taldeak “elkartasun zorrotz eraldatzailea” deitutako printzipioari helduko dio eta horren bitartez dibisioek “protagonismo handiagoa izango dute”.

Kooperatiben oinarrizko printzipioei eutsiko die Mondragon taldeak

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mondragon Korporazioak ibilbide berri bati ekin nahi dio eta aro berri horretan bere enpresen gaineko exijentzia eta kontrol maila handituko ditu, Fagor Etxetresnakena bezalako porrotak ekiditeko asmoz.

Korporazioak urteko batzarra egin du gaur Donostian, eta Javier Sotil presidente berriak ‘Etorkizuneko Mondragon’ dokumentua aurkeztu du bertan, Fagor Etxetresnaken itxierak eragindako hausnarketaren ondorioak biltzen dituen agiria, hain zuzen ere.

Sotilek azaldu duenez, aro berri honetan “elkartasun zorrotz eraldatzailea” deitutako printzipioa izango dute irizpidetzat eta, horri esker, dibisioek “protagonismo handiagoa” izango dute. Helburu nagusia kooperatiben lehiakortasun arazoei  aurre hartzea da eta konpainiei laguntzak ematen dizkiete erakunde korporatiboek “exijentzia gehiago” izatea bermatzea.

Korporazioko dibisioak Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza dira eta guztira 103 kooperatiba biltzen dituzte.

Korporazioak enpresa eredu ezberdinen emaitzen “jarraipena indartu” nahi du, “baina bereziki kooperatiben lehiakortasunarena”. Horretarako mekanismoak ezartzea ezinbestekoa dela ondorioztatu dute, “arazoei enpresatik bertatik aurre hartzeko”, erantsi dute.

Kooperatiben arteko “elkartasuna eta babesa” mantendu ahal izateko, “informazio, kontrol eta interbentzio maila altuagoa” beharko da, eta horrek “Mondragon Korporazioak paper ezberdina izatea suposatzen du”, dio dokumentuak.

Sotilek eredu kooperatiboaren balioa eta indarra aldarrikatu ditu, “gizartea eraldatzen laguntzen duelako eta ingurunea justuagoa eta solidarioagoa bilakatzen duelako”.

Mondragon Korporazioaren jasangarritasuna bermatzeko, hots, enplegua eta aberastasuna mantentzeko, “proiektu sendoagoak eta lehiakorragoak beharrezkoak dira”, azpimarratu du.

Txostenak aitortu egiten du krisiak “agerian” utzi dituela kooperazioaren finantza lanabesen “gabeziak eta mugak”. Izan ere, Fagor Etxetresnak desagertu eta gero, “ahuldu” egin dira, eta “berriz aztertu eta osatu” beharra dago.

“Finantza lanabes korporatiboak” mantentzearen alde egiten badu ere, horiek berriz diseinatzea edota berriak sortzea babestu du, “etorkizuneko beharrei hobeto moldatzeko”.

Sotilek “konfiantza, ilusioa eta baikortasuna” eskatu die bazkideei, “traumak gainditu eta talde honen ahalmenean sinesteko”.

Mondragon taldeak hausnarketa abiatu zuen urte hasieran, Txema Gisasola presidenteak dimititu eta gero, eta txosten honek prozesu horren lehen zatiaren amaiera dakar.

Hemendik aurrera, bigarren fasea hasiko da, eta, horretan, kooperatiba bakoitzak proiektua aztertu eta ekarpenak egingo ditu.

Bileran beste hainbat gai ere hartu dituzte hizpide, hala nola kooperatiba berriak onartzea (aurten, Sareteknika), zentro korporatiboaren aurrekontuak eta Mondragoneko Kontseilu Nagusiko kudeaketa deskarguak.

Halaber, Javier Goikoetxea Batzarraren Batzorde Iraunkorreko presidente berria dela jakinarazi dute, Agustin Markaide Eroskiko buruaren ordez.

Protesta

Batzarraren hasieran, Fagor Etxetresnakeko eta Edesako ekarpenen kaltedunek protesta egin dute Kursaalaren kanpoaldean, galdutako dirua itzultzea eskatzeko. Ehunka pertsonak egin dute bat protestarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mondragon korporazioa