Ekonomia -
2015eko Aurrekontuak
PPk Aurrekontuen aurka bozkatuko du, eta PSE baiezkoa ematera behartu
Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak gaur goizean iragarri du erabakia. EAJk eta PPk ez dute Aurrekontuen inguruko akordiorik lortu, nahiz eta azken asteotan hainbat bilera egin dituzten.
Erredakzioa
2015eko Aurrekontuen aurka bozkatuko du PPk Legebiltzarreko osoko bilkuran. Horrenbestez, PSE-EEko sei legebiltzarkidek, gutxienez, Urkulluren proiektua babestu beharko dute, Aurrekontuak aurrera atera ahal izateko.
Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak gaur goizean iragarri du erabakia. EAJk eta PPk ez dute Aurrekontuen inguruko akordiorik lortu, nahiz eta azken asteotan hainbat bilera egin dituzten. PSE-EEren babesa izango du EAJk Legebiltzarrean, iazko hitzarmena luzatu ondoren. Hala ere, Jaurlaritzaren Aurrekontua aurrera ateratzeko sozialisten eta popularren babesa lortu zuen iaz EAJk. Alderdi biak abstenitu egin ziren, eta Aurrekontuak EAJren 27 botoekin onartu zituzten. EH Bilduk eta UPyDk aurka bozkatu zuten.
Oraingoan, PPrekin negoziazioek porrot egin ondoren, gutxienez PSE-EEko sei kidek Aurrekontuaren alde bozkatu beharko dute, Aurrekontuek aurrera egitea nahi badute.
Hala gertatzen bada, Aurrekontua 33 botorekin onartuko dute. 32 legebiltzarkidek, berriz, kontrako botoa emango dute (PPren hamar ordezkariek, EH Bilduren 21ek eta UPyDren legebiltzarkide bakarrak).
'Urkulluren porrota'
Azken bi urteotan, bake eta bizikidetzaren alorrean izan den "porrota" eta "atzerapausoa" azpimarratu du Nerea Llanosek. Bestalde, lanpostuak sortzea Urkulluren lehentasuna ez izatea ere gogor kritikatu du PPko idazkari nagusiak.
Urkulluren Gobernua "ahula" dela gaineratu du, "ekaitzaren aurrean" kaian geratzea nahiago duelako "itsasora atera baino".
Bake eta bizikidetzaren alorrean, Urkulluren Gobernuak "atzerapausoak" eman dituela uste du Llanosek.