Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Jaurlaritzaren Aurrekontuek azken-aurreko tramitea gainditu dute
EAJk eta PSE-EEk beren botoak batu eta baztertu egin dituzte EH Bilduk zein UPyDk Aurrekontuak atzera botatzeko egindako eskariak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren 2015erako Aurrekontuen proiektuak azken-aurreko tramitea gainditu du gaur; izan ere, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioari esker, EAJk eta PSE-EEk baztertu egin dituzte Aurrekontuak atzera botatzeko EH Bilduk eta UPyDk egindako eskariak.
Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkuran, legebiltzarkideek EH Bilduk eta UPyDk aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatu dituzte eta, eztabaida ondorengo bozketan, EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte zuzenketak; PP, berriz, abstenitu egin da.
Gaurko tramitea gaindituta, orain, talde politikoek aurkeztutako zuzenketa partzialak aztertuko dituzte, baina, ezustekorik ezean, 2015eko Aurrekontuak abenduaren 23ko osoko bilkuran onartuko dituzte.
EH Bilduren iritziz, EAJk aurkeztutako aurrekontu proiektuak "gizarteko arraila handitzen du, eta amildegi batez bereizita dauden bi gizarte sortzen ditu".
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak erantzun die EH Bilduren kritikei, eta Eusko Jaurlaritza akordioa lortzeko eskaini bazen ere, EH Bilduk bere estrategia "murrizketarik gabeko akordioa lortzera" bideratzea gaitzetsi du. "Ditugun gaitasunekin, beti egongo dira murrizketak", gaineratu du.
Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak azpimarratu du sozialistak Jaurlaritzarekin "kritikoak" direla diru-sarreren alorrean (iruzur fiskala eta zerga-bilketa), baina Aurrekontuak izatearen garrantzia nabarmendu du; zeinari esker "herritarrak beren beharretan lagunduta sentituko dira".
Anton Damborenea legebiltzarkide popularrak ez dio aterik itxi jeltzaleekin akordioa lortzeari eta popularren eskaintza berretsi du "beti ere Gobernuaren lehentasuna enplegua sortzea bada".
Bestalde, UPyDk murrizketa sozialak egonkortzen dituen Aurrekontuak direla salatu du, eta kalitatezko enplegu duina sortzeko balio ez dutenak.
Duela aste batzuk, EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako 2015eko Aurrekontuak onartzeko akordioa lortu zuten, jeltzaleek sozialistek proposatutako 185 milioi euroko aldaketak onartu ostean. Hala, abenduaren 23ko osoko bilkuran sozialistak abstenitu egingo dira eta Aurrekontuak onartzea ahalbidetuko dute.
Gatzagaetxebarriak eskerrak eman dizkio PSE-EEri Aurrekontuak babesteagatik
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak eskerrak eman dizkio PSE-EEri Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko Aurrekontuak onartzeko lorturiko "sakoneko akordioengatik".
Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkuran, 2015eko Aurrekontuei egindako osoko zuzenketak eztabaidatu dituzte, eta Gatzagaetxebarriak legebiltzarkideen aurrean hitz egin du.
"Alderdi politiko guztiei erakutsi duten jarrera eta borondatea eskertu nahi diegu, baina sakoneko akordioak talde sozialistarekin lortu ditugu", adierazi du. "Ez dugu beste akordiorik lortu gainerako taldeekin; batzuek osoko zuzenketak aurkeztu dituzte, beste batzuek, berriz, ez", gaineratu du.
Gatzagaetxebarriak aurrekontuen proiektua defendatu du legebiltzarkideen aurrean. Sailburuak azaldu duenez, 10.639 milioi euroko aurrekontua izango du Eusko Jaurlaritzak, iaz baino % 4,1 handiagoa, eta horrek EAEko "ekonomia hobetzen lagunduko du".
Aurrekontuak "giza garapen jasangarria" bultzatzeko eredu ekonomiko bat du oinarrian, Gatzagaetxebarria sailburuaren arabera, eta "ezagutza, formazioa, kohesioa, jasangarritasuna eta integrazioa" nagusitzen dira bertan.