Ekonomia -

Bankia auzia

Rodrigo Rato: 'Ez genuen iruzur egiteko aukera edo asmorik izan'

Ratoren hitzetan, 2010eko amaieratik 2011ko martxora bitartean, BFA Bankiako kutxen “aparteko kontrola” egin zuen Espainiako Bankuak.

Ratok ukatu egin du kontuak itxuratu zirela

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bankia Burtsan kotizatzen hasi zenean “iruzur egiteko aukerarik edo asmorik” ez zutela izan adierazi du gaur Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiak. Ratok azaldu duenez, garai hartan Espainiako Bankuaren gutunak jaso zituzten, taldeko kutxek izango zituzten galerak aurreikusi baitzituen Espainiako Bankuak.

Onda Cerori eskainitako elkarrizketan, Ratok esan du ez datorrela bat Espainiako Bankuak aukeratutako bi perituek egindako txostenekin. Peritu bi horiek Auzitegi Nazionalarentzat egin dituzte aipatu dokumentuak.

Ratoren hitzetan, 2010eko amaieratik 2011ko martxora bitartean, BFA Bankiako kutxen “aparteko kontrola” egin zuen Espainiako Bankuak.

“Erabat kontrolatuta egon ginen”, gaineratu du. Batetik, bat egiteko prozesua Espainiako Bankuak kontrolatu zuela azaldu du; bestetik, Burtsan kotizatzen hasi zirenean, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak gainbegiratu zuen prozesua, Ratoren hitzetan.

“Ez genuen inor engainatu nahi, baina iruzur egiteko asmorik geneukala esateak harritu egiten nau”, esan du.

Bankiako akzioen kotizazioaz, Ratok esan du “ezinezkoa” dela erosteko aginduak puztea. “Ez dago aukerarik, aginduak daude edo ez daude, hori da dena”, gaineratu du.

Caja Madrideko txartelen iruzurrari buruz, txartelak “beltzak zirela esatea” okerra dela esan du Ratok. “Txartel nominatibo bat baino garbiago den zerbait ez dago. Izan ere, txartel horiekin egindako operazio guztiak azaleratu dira”, horren arabera.

Une oro txartelak “soldataren parte” zirela pentsatu zuen Ratok. “Ez nuen inoiz zalantzarik izan, eta zalantza zuenik ere ez dut ezagutzen”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruzurrak albisteak