Ekonomia -
Jaurlaritzaren Aurrekontuak
PPk uko egin dio 2015eko Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkezteari
Euskadiko Alderdi Popularrak akordiorako borondatea berretsi du, eta Kontuetan 200 milioi euroko aldaketak egitea proposatu du.
Erredakzioa
Euskadiko Alderdi Popularrak uko egin dio Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkezteari, akordiorako aukerak izateko.
Hala ere, PPk 648 zuzenketa erregistratu ditu, horien bitartez, Aurrekontuetan 200 milioi euroko aldaketak egitea proposatzeko.
Alderdi Popularrak hainbat proposamen egin ditu; besteak beste, enplegua sustatzeko diru partidan 42 milioi euro gehiago sartzea. Atal horren baitan, 15 milioi euro ekintzailetza egitasmoetara bideratuko dira eta 7,6 milioi euro, berriz, Lanbide indartzera. Halaber, hainbat diru-laguntza handitzea proposatu du: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (sei milioi eurotan), lana eta familia bateratzeko laguntzak (12 milioitan) eta nazioarteko lankidetzara bideratutakoa (4 milioi eurotan). PPren iritziz, diru hori gastu arruntak gutxituta lor daiteke, eta, besteak beste, publizitatea, "beharrezkoak ez diren" ikerketak edota bidaia ofizialetarako diru partidak aipatu ditu.
Bestalde, popularrek aurrekontu proiektuaren aurka daudela ohartarazi dute, eta EAJrekin akordioa lortzeko borondatea berretsi badute ere, ez dute baztertu Aurrekontuen kontra bozkatzea.
Anton Damborenea Alderdi Popularreko Ekonomia gaietarako bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Horren esanetan, popularrek Gobernuarekin akordioa lortzeko borondatea dute 2015eko Kontuak onartzea "errazteko".
EH Bilduk osoko zuzenketa eta 225 zuzenketa aurkeztu ditu
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Aurrekontuei. EH Bilduk salatu duenez, EAJk nahiago izan du PSE-EErekin "murrizketa" eredua adostu, eurekin "subiranotasun ekonomikoan" eta "gizarte babesean" oinarritutako Kontuak adostu baino.
EH Bilduko Unai Urruzuno, Leire Pinedo eta Dani Maeztu legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, eta osoko zuzenketari eta zuzenketei buruzko xehetasunak eman dituzte bertan. Osoko zuzenketaz gain, EH Bilduk 225 zuzenketa aurkeztu ditu, eta horiek Kontuetan 700 milioi euroko aldaketa eragingo lukete.
Jaurlaritzak EH Bilduren proposamenak kontuan ez hartzea eta akordioari muzin egitea deitoratu dute. Horien hitzetan, beren proposamenen helburua azken urteetan ezarritako murrizketak lehengoratzea eta krisiak gehien kolpatu dituen sektoreen babesa bermatzea zen.
Koalizioak hainbat proposamen egin ditu, hala nola, lana eta familia bateratzeko diru partidak 30 milioi eurotan handitzea, Diru-sarrerak bermatzeko Errentara bideratutako dirua 70 milioi eurotan handitzea edota pentsioak osatzeko 10 milioi euro bideratzea.
Guztira, kontuetan 700 milioi euroko aldaketak egitea proposatu du. Diru hori lortzeko, besteak beste, Abiadura Handiko Trenaren lanetara bideratutako dirua (350 milioi euro) kentzea iradoki du.
Hala eta guztiz ere, PPren eta EH Bilduren botoak ez dira erabakigarriak izango; izan ere, EAJk eta PSE-EEk lorturiko akordioari esker, Aurrekontuak onartzea bermatuta dago.