Ekonomia -

Dokumentazioa

Profila: Gregorio Villalabeitia, Kutxabankeko presidente berria

Ekonomia Zientzietan eta Zuzenbidean lizentziaduna da Villalabeitia, eta, batez ere, finantza-arloan egin du lan.

Gregorio Villalabeitia izango da Kutxabankeko presidente berria

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gregorio Villalabeitia Galarraga (Barakaldo 1951), Deustuko Merkataritza Unibertsitatean Ekonomia Zientzietan eta Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna da. Villalabeitia batez ere finantza-arloan aritu izan da, Espainian eta Erresuma Batuan.

1977an hasi zuen ibilbidea Banco de Vizcayan. Nazioarteko sarean aritu zen lehenik, eta Londresko bulegoko zuzendariorde izan zen. Ondoren, Valentziako eta Madrilgo tokiko zuzendariorde izan zen.

Caja de Ahorros Vizcaína erakundera heldu zen 1983an. Inbertsio eta Atzerriko arloetako zuzendariorde lanak egin zituen, eta kutxako zuzendari nagusi izendatu zuten 1988an. Denbora tarte horretan, Servatas eta Biharko Vida y Pensiones enpresetako presidente izan zen, eta Bizkaiko erakundearen ordezkari izan zen CECAn.

1990ean, Banco Cooperativo Españoleko zuzendari nagusi izendatu zuten.

Hiru urte geroago, Argentaria banketxean hasi zen lanean, Banco de Credito Localen kontseilari ordezkari moduan. Argentarian izan zen berrantolaketaren ondorioz, Caja Postaleko kontseilari delegatu izendatu zuten.

1998ko martxoan, Banca Mayoristako zuzendari nagusi bihurtu zen. 1999an, Argentariak eta BBVk bat egin zutenean, banketxe berriko (BBVA) Banca de Inversiones Global y Mercadoseko zuzendari nagusi izendatu zuten. Gero, Grupo Industrialeko zuzendari izan zen.

Urte hauetan guztietan, hainbat enpresatako administrazio kontseiluetako kide ere izan da Villalabeitia. Bestesak beste, hauetan aritu da: Metrovacesa, Gas Natural, Repsol, Iberia eta BBVA Chile. Telefonicako presidenteorde izan da eta BBVA Provida AFPko presidente. Gainera, Adquira zuzendu du eta Ernst&Young eta General Electric Espainiako Aholku Batzordean parte hartu du.

Egun, Seeliger y Condeko bazkide da, eta AMROP taldeko Administrazio Kontseiluen Munduko Praktiken presidentea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank