Ekonomia -

Kutxabank

Urkulluk Mario Fernandez goraipatu du eta eskerrak eman dizkio

EAEko aurrezki-kutxen bat egiteko prozesuak eta Kutxabanken sorrerak izan duten “arrakasta” goraipatu ditu lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EiTB
'Fernandezek uztailean adierazi zuen Kutxabank uzteko asmoa'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea “aintzatetsi” du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta “eskerrak” eman dizkio egindako lanagatik. Kutxabankeko presidentetza utziko duela igarri du gaur Fernandezek.

Fernandezi eskerrak emateko sare sozialak erabili ditu Urkulluk. EAEko aurrezki-kutxen bat egiteko prozesuak eta Kutxabanken sorrerak izan duten “arrakasta” goraipatu ditu lehendakariak.

“Kutxabanken kudeaketan trantsizio antolatu eta profesional bat ahalbidetu eta erraztu du Mario Fernandezek. Gainera, aukera guztiak zabalik utzi ditu aurrezki-kuxek Kutxabanken etorkizuna definitzeko eta erabakitzeko”, idatzi du Urkulluk.

Europako erakundeek bankuei egindako estres probetan Kutxabank kaudimendunenen artean kokatu du Fernandezek, lehendakariak gogorarazi duenez. Zentzu horretan, duela 15 egun Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenak errepikatu ditu Urkulluk. “Mario Fernandezek gure aintzatespena merezi du”, laburbildu du lehendakariak.

Uztailean

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak esan du Mario Fernandezek uztailean jakinarazi ziola BBKri Kutxabankeko presidente kargua uzteko asmoa zuela bankuen "estres probak" egin eta gero.

Gatzagaetxebarriak errespetua agertu du Fernandezen erabakiaren aurrean, eta hark egin duen lana goraipatu du, Kutxabank "Estatuko finantzen gailurrean" utzi duelako, "estres probetan" Estatuko nota altuena lortuta.

Fernandezen erabakiak Kutxabanken kapital pribatua sartzearekin zerikusirik ote duen galdetuta, Gatzagaetxebarriak esan du Mario Fernandezek "uztailean" eman ziola BBKri bere erabakiaren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Kutxabank albisteak