Ekonomia -

Profila

Mario Fernandez: irakasle, politikari eta kudeatzailea

Abokatua 1965etik, Garaikoetxearen gobernuan lehendakariorde izan zen, eta Jaurlaritzako Ekonomia Batzordeko presidente, 1980tik 1985era.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Fernandez (Bilbo, 1943) Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean eta 1966tik unibertsitate horretan Merkataritza Zuzenbideko irakaslea. Hain justu, finantza merkatuak, proiektuen finantziazioa, fusioak eta sozietateen zuzenbidea gaietan aditua da. Uria Menendez abokatuen bulegoko kide izan da 2002tik.

2009an, BBK-ko presidente izendatu zuten, Xabier de Iralaren ordez, eta 2012tik, hiru kutxek egindako fusio hotzetik sortutako Kutxabanken presidente exekutiboa izan da. Hain justu, 2014ko azaroaren 27an jakinarazi du ez duela kargu horretan jarraituko. Une gazi-gozoa da Kutxabankentzat: batetik, "estres probetan" Estatuko notarik altuena lortu du euskal erakundeak; baina, bestetik, Kutxan kapital pribatua sartu behar den erabakitzeko unea ere bada.

1997tik 2002ra, BBVA Taldeko Zuzendaritza Batzordeko kide eta Lege Gaietarako zuzendari orokorra izan zen. Dena dela, aurretik ere banku espainiarrarekin lan egindakoa zen Fernandez. Izan ere, haren abokatu bulegoak finantza erakundeei aholkularitza zerbitzuak eskaini zizkien eta azken 20 urteetako finantza operazio garrantzitsuenetan parte hartu zuen.

Politikan ere ibilitakoa da Fernandez. Carlos Garaikoetxearen gobernuan lehendakariorde izan zen, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Batzordeko presidente 1980tik 1985era. EAJko legebiltzarkide izandakoa ere bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Kutxabank berriak