Ekonomia -

Kutxabank

Mario Fernandezek Kutxabankeko presidentetza utziko du

Kutxabankek ohar baten bidez adierazi duenez, akziodunek kontseilari berria izendatuko dute bihar, erakundearen batzar nagusian. Ondoren, Administrazio Kontseiluak presidente berria aukeratuko du.

Dimisioa eman du Mario Fernandezek

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Fernandezek Kutxabankeko Presidentetza utziko duela jakinarazi dio Kutxabankeko Administrazio Kontseiluari. Bankuen "estres proba" nota altuenarekin gainditu ondoren eman du Kutxabankeko presidenteak bere erabakiaren berri. Ia sei urtez egon da Fernandez karguan.

Kutxabankek ohar baten bidez adierazi duenez, akziodunek kontseilari berria izendatuko dute bihar, erakundearen batzar nagusian. Ondoren, Administrazio Kontseiluak presidente berria aukeratuko du. Presidente berria izendatu arte, Mario Fernandezek erakundearen buru izaten jarraituko du.

BBK-k Gregorio Villalabuena proposatu du Mario Fernandezen ondorengoa izateko.

Mario Fernandezek, uda hasi baino lehen, "estres proba" gainditu ondoren, jakinarazi zion bere agintaldia amaitzeko asmoa erreferentziazko akziodunari, "garai hau bukatutzat eman eta lekukoa une egokian pasatzeko".

Langileei oharra

Administrazio Kontseiluari bere dimisioaren berri eman ondoren, Mario Fernandezek barne-oharra bidali die Kutxabankeko langileei.

Agintaldi honetan egindako lana eskertu die Fernandezek langileei, eta Presidentetza uzteko erabakia ?hainbat hilabetez pentsatu duela? esan die.

Fernandezen esanetan, bi dira kargua uzteko arrazoi nagusiak: "Batetik, bost urteko epea nahikoa dela deritzot. Bestetik, eta are garrantzitsuagoa, garai berri bat hasi da, eta uste dut ona dela garai berri baterako lidergo berri bat izatea".

Kutxabanken "aro berria" ahotan hartuta, Fernandezek nabarmendu egin du Europako Banku Batasuna martxan jartzea; izan ere, "horren ondorioz, Europako Banku Zentralak bere gain hartuko du bankuak ikuskatzeko ardura eta banku-fundazioen gaineko legeria berria sartuko da indarrean".

Ia sei urtez izan da Mario Fernandez Kutxabankeko presidente. Agintaldi honetan, Kutxabank sortu da, BBK, Kutxa eta Vital kutxak bat eginda, eta erakundea lehen postuetan kokatu da.

Oharraren arabera, Mario Fernandezek¿hezkuntza arlora bueltatzeko asmoa du, eta bere ekintza profesional eta pribatuetara bueltatzekoa, BBKren gidaritza bere gain hartu zuenean alde batera utzi behar izan zituen eta.

Sei urtez presidente

Mario Fernandez (Bilbo, 1943), Zuzenbidean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta 1966tik unibertsitate horretan Merkataritza Zuzenbideko irakaslea. Hain justu, finantza merkatuak, proiektuen finantziazioa, fusioak eta sozietateen zuzenbidea gaietan aditua da. Uria Menendez abokatuen bulegoko kide izan da 2002tik.

2009an,¿BBK-ko presidente izendatu zuten, Xabier de Iralaren ordez; eta 2012tik, hiru kutxek egindako fusio hotzaren ostetik sortutako¿Kutxabanken presidente exekutiboa izan da. Gaur, 2014ko azaroaren 27an, jakinarazi du ez duela kargu horretan jarraituko. Une gazi-gozoa da Kutxabankentzat: batetik, "estres probetan" Estatuko notarik altuena lortu du euskal erakundeak, baina, bestetik, kapital pribatua sartu behar ote den erabakitzeko unea ere bada.

Sagredo: 'Kutxabank tontorrean kokatu du'

Egindako lana eskertu dio Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak Mario Fernandezi. Sagredoren hitzetan, Fernandezek "Estatuko finantza-maparen tontorrean" kokatu du Kutxabank. "Nire errespetu eta miresmena agertu nahi diot Fernandezi, egindako lanagatik", gaineratu du. Bere erabakia uztailean eman zuen jakitera Mario Fernandezek, eta horrek, Sagredoren hitzetan, "asko erraztu du trantsizio antolatu bat egiteko prozesua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak