Ekonomia -
2015eko Aurrekontuak
EAJk murrizketak onartuko ditu PSEren babesarekin, EH Bilduren arabera
Bestalde, UPyDk ia ziurtzat jo du Aurrekontuei osoko zuzenketak aurkeztuko diela datorren astean.
Erredakzioa
"Itxura guztien arabera", Eusko Jaurlaritzak murrizketak onartuko ditu 2015eko Aurrekontuetan PSE-EEren babesarekin, Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera. Hala ere, EH Bildu prest agertu da, gizarte politika bermatzeko, EAJrekin Aurrekontu akordioa lortzeko.
EH Bilduko Leire Pinedo eta Unai Urruzuno legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk 2015eko Aurrekontuak onartzeko lorturiko akordioaren berri izan ostean. Akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak gizarte gaietara bideratutako 35 milioi euroko partida bat gehituko du.
Koalizioak salatu duenez, EH Bilduk eskatzen duen lehentasunen inguruko eztabaida saihestu egiten du Iñigo Urkulluren Gobernuak, "deseroso" sentitzen delako.
Legebiltzarkideen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren "lehentasun bakarra" PSE-EEren babesarekin Aurrekontuak onartzea da. Gaineratu duenez, "itxura guztien arabera" Aurrekontuetan murrizketak izango dira gizarte alorretan, izan ere, "35 milioi euroko akordio batek ez ditu, inolaz ere, oinarrizko gastu sozialak bermatuko".
"Azken minutura arte lanean jarraituko dugu murrizketarik gabeko Aurrekontuak onartzeko", azpimarratu du Pinedok. Gainera, EH Bildu negoziatzeko prest dagoela, eta Eusko Jaurlaritzak "murrizketak dituen Aurrekontuak PSE-EErekin onartu edota murrizketarik gabeko Aurrekontuak EH Bildurekin adostu" erabaki beharko duela adierazi du.
Oraingoz, Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztea baztertu egin du koalizioak, baina azkenean osoko zuzenketa aurkezten badu EAJk horretara bultzatu duelako izango dela azpimarratu du.
Auzia konponduta dago UPyDren arabera
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak ere 2015eko aurrekontu proiektua hizpide izan du, eta atzo Ricardo Gatzagaetxeberria Ogasun eta Finantza sailburuarekin izandako bileraren balorazioa egin du. Maneiroren iritziz, "auzia konponduta dago eta Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuak onartu egingo ditu, PSE-EE eta PP auzi nazionalistara errendituta daudelako".
Maneirok UPyDren proposamenak jasotzen zituen dokumentu bat eman zion Gatzagaetxeberria sailburuari, eta orain sailburuaren erantzunaren zain dago. Hala ere, ez du uste Jaurlaritzak aipaturiko proposamenak onartuko dituenik.
Hala, ia ziurtzat jo du datorren astean osoko zuzenketa aurkeztuko duela.