Ekonomia -
Lanuzteak egingo dituzte
Osakidetzak eta sindikatuek ez dituzte jarrerak hurbildu
2014an eta 2015ean lan eskaintza publikoa 10 lanposturekin (484) handitzea proposatu du Osakidetzak. 2016an deialdi berri bat egitea ez du baztertu. Eskaintza “iraingarria” dela uste dute sindikatuek.
Erredakzioa
Osakidetzako Mahai Sektorialak bilera egin du gaur, Gasteizen. Bi aldeek ez dituzte jarrerak hurbildu, eta ostegun honetarako Bizkaian eta Euskadi osoan abenduaren 4rako deituta dituzten lanuzteak mantentzea erabaki dute sindikatuek.
2014an eta 2015ean lan eskaintza publikoa 10 lanposturekin (484) handitzea proposatu du Osakidetzak bileran. Era berean, 2016an deialdi berri bat egitea ez du baztertu. Bestalde, aldi baterako kontratazioa 2012ko mailara itzultzeko konpromisoa hartu du Osakidetzak, 1.614,5 orduko lanaldia aplikatu baino lehenagoko mailara, alegia.
Eskaintza “iraingarria” eta “nahikoa ez” dela uste dute sindikatuek, eta horregatik mobilizazioak mantentzea erabaki dute.
“Erronka bikoitza” dutela azaldu du Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak. Armentiaren hitzetan, “enplegua indartu eta kontratazioaren kalitatea hobetu behar dituzte, behin-behinekotasuna % 18ra murriztuz”.
Sindikatuak
10 lanpostu gehiago proposatzea langileei “iseka egitea” dela uste du Peio Igeregik (ELA). Osakidetzak eskaintzaren “xehetasunik eman ez” duela kritikatu du Igeregik.
Encarna de la Maza Satse erizainen sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, lan eskaintza publikoa “erabat eskasa” da eta “aldi baterako lanpostuak egonkortzeko balioko du soilik”.
Edurne Agirre LABeko ordezkariaren ahotan, bileran aurrerapauso “gutxi eta horietako batzuk iraingarriak izan dira”. Lan eskaintza publikoa “tranpa” bat dela salatu du, “enplegua deuseztatzen” duelako.
Lan eskaintzaren inguruko iragarpena “brindis” bat baino ez dela kritikatu du CCOOk agiri batean. Aldi baterako kontratuak 2012ko mailara itzultzea “nahikoa” ez dela esan du sindikatuak, urte horretan “kontratazioa maila onartezinetara murriztu zutelako”.