Ekonomia -

Gastu soziala

Aurrekontuen 'erabateko aldaketa ezinbestekoa' dela uste du ELAk

Sindikatu abertzalearen hitzetan, “gaurko testuinguru ekonomikoan, presio fiskala eta gastu soziala areagotzea sekula baino beharrezkoagoa da”.

ELAk dio politika fiskala aldatu behar dela gastu soziala handitzeko

0:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko Aurrekontuen proiektuan “erabateko aldaketa politiko eta fiskala ezinbestekoa” dela adierazi du ELA sindikatuak txosten batean. Gastu sozial handiagoa beharrezkoa dela erantsi du sindikatu abertzaleak.

“Gaurko testuinguru ekonomikoan, presio fiskala eta gastu soziala areagotzea sekula baino beharrezkoagoa da”, azaldu dute Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak eta Julene Gabiola Azterketa Kabineteko kideak prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzaren proiektuak 10.288,4 milioiko gastu publikoa aurreikusten duela azaldu du ELAk. Sindikatuaren ahotan, Exekutiboak 327,8 milioi gutxiago xahutuko ditu gastu sozialean, 2009 ekitaldiarekin alderatuta.

Murrizketak osasunean eta hezkuntzan

Era berean, “Osasun Sailean gastuak berriro behera” egin duela salatu du sindikatuak; izan ere, Eusko Jaurlaritzak 3.390,5 milioi euro bideratuko ditu 2015ean, BPGren % 4,9. 2009an BPGren % 5,3 Osasun Sailean erabili zutela gogorarazi du ELAk. Bestalde, Hezkuntzan egin beharreko gastua murriztuko dutela kritikatu du sindikatu abertzaleak.

AHT eta zorraren ordainketa “murrizketen salbuespenak” direla azpimarratu du ELAk. Zentzu horretan, 2009tik 2015era bitartean, Eusko Jaularitzak zor publikoan egindako gastuak 900 milioi eurotan gora egin duela goraipatu du sindikatuak. Epe berean osasunean, hezkuntzan eta etxebizitzan egindako murrizketak 490 milioi eurokoak izan dira.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, “propagandaz haratago, murrizketek jarraitzen dute” eta “Rajoyk Espainian edo Barcinak Nafarroan aplikatutako berberak dira Urkulluren Gobernuarenak” EAEn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna