Ekonomia -
Lan-gatazka
Grebaren jarraipena %5,1koa izan da, Osakidetzaren arabera
Hala ere, sindikatuen esanetan, jarraipena "handia" izan da eta aurreko asteko lau orduko lanuzteak izandakoa baino "handiagoa".
Erredakzioa
Goizeko eta arratsaldeko txandetan grebaren jarraipena % 5,1ekoa izan dela adierazi du Osakidetzak. Zazpi orduko lanuztea Arabako osasun azpiegituretan deitu dute Osakidetzako sindikatuek.
Hala ere, sindikatuen esanetan, jarraipena "handia" izan da eta aurreko asteko lau orduko lanuzteak izandakoa baino "handiagoa".
Osakidetzak agiri batean azaldu duenez, bi txandetan lan egin behar zuten 4.272 langileetatik, 4.052 lanpostuan izan dira eta 220k greba egin dute.
Medikuen % 4,5ek lanuztean parte hartu dutela goraipatu du Osakidetzak. Bestalde, erizainen % 5,7k greba egin dute. Gainerako osasun langileen % 5,1ek lanuzteari babesa eman diote.
“Negoziazio mahaia zabalik” dagoela errepikatu du arratsaldean Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak. Zentzu horretan, azaroaren 24an Sektorearen Mahaia berriz biltzeko proposamena egin die sindikatuei.
Lanuztea SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute. Eguerdian manifestazioa egin dute Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik hasita. Gipuzkoan eta Bizkaian elkarretaratzeak egin dituzte erietxe eta osasun-zentroetan.
"Kalitatearen alde, negoziazioa orain" lelopean, lan-baldintzak hobetzea eta osasun-zerbitzuari zuzenean eragiten dioten murrizketak bertan behera uztea eskatu dute sindikatuek.
"Osakidetzan galdu diren lanpostuak errekuperatu, neurrizko lan-karga izan, osasun-zerbitzua hobetu eta langileen arteko soldata bereizketak desagertzea" eskatzen dute.
Mobilizazio "neurrigabeak"
Sindikatuen mobilizazioak "neurrigabeak" direla salatu du Osakidetzak. Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariaren esanetan, goizeko txandan "normaltasuna" izan da nagusi eta ez da azpimarratu beharreko gertaerarik izan.
Osakidetzako buruak azpimarratu du negoziazioren aldeko apustua egiten jarraituko dutela, eta sindikatuekin akordioa lortzeko helburua dutela gaineratu du.
"Mobilizazioak neurriz kanpokoak direla uste dugu, eta euskal gizartearen gehiengoak ere iritzi bera duela ziur nago", gaineratu du.
Sindikatuen esanetan, grebak jarraipen zabala izan du
Sindikatuek ez dute grebaren jarraipenari buruzko daturik eman, gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla argudiatuta. Dena den, grebaren jarraipena "handia" izan da sindikatuen arabera, eta aurreko asteko lau orduko lanuzteak izandakoa baino "handiagoa".
Osakidetzako arduradunek sindikatuen mobilizazioak neurriz kanpokotzat jo ostean, sindikatuek adierazi dute neurrigabea 3.000 lanpostu deuseztatzea dela.
Mahai Sektorialaren hurrengo bileraz galdetuta, deialdirik eta gai-ordenik ez dutela jaso salatu dute. Halaber, Osakidetzak enpleguaren aldeko "benetako apustua" egiten badu akordioa lortuko dutela azpimarratu dute.
Osakidetzaren jarrera "inposatzailea"
Sindikatuek deitutako mobilizazioen aurrean, "Osakidetzak jarrera inposatzaileari eustea erabaki du", horien esanetan.
"Jarrerak hurbiltzeko, negoziatzeko saiakera txikiena ere ez dute egin Giza Baliabideen Zuzendaritzak edo Jon Darpon Osasun sailburuak", azaldu dute. Horrez gain, ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla nabarmendu dute, eta horrek agerian utzi duela, euren ustez, "Osakidetza urduri" dagoela.