Ekonomia -
Bidaia instituzionala Mexikon
2015eko aurrekontuetan 'arriskatu' beharra dagoela esan du Urkulluk
Oinarrizko zerbitzu publikoak eta garapen ekonomikoa, nazioartekotzearen bidez, 2015eko aurrekontuen “lehentasunak” direla azaldu du lehendakariak.
Erredakzioa
Oinarrizko zerbitzu publikoak eta garapen ekonomikoa, nazioartekotzearen bidez, 2015eko aurrekontuen “lehentasunak” direla azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Urkulluren hitzetan, krisi garaian kontuek “arriskatu behar dute, baina hutsik egin gabe”.
Urkullu bidaia instituzionala ari da egiten Mexikon. Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak eta lehendakariak gosari batean parte hartu dute gaur. Mexikoko ehun bat enpresabururekin bildu dira.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak atzo onartutako aurrekontu egitasmoa hizpide izan du lehendakariak. 10.639 milioi euroetako “zati garrantzitsu bat” enpresen nazioartekotzera bideratuko dute ‘Basque Country’ estrategiaren bidez, azaldu duenez.
“Hanka-sartzerik gabe”
“Oparoaldian arriskatu eta zenbaitetan huts egiteko aukera dugu. Orain, krisi egoeran, arriskatu beharra dago, baina ezin dugu kale egin”, adierazi du Urkulluk.
Exekutiboak nazioartekotzearen aldeko apustua egin duela azpimarratu du Urkulluk. Zentzu horretan, “Mexikoren unea” dela esan du buruzagiak; izan ere, Mexikoren agenda ekonomikoak Euskadikoarekin “antzekotasun handia” du. Mexiko EAEko inbertsioaren bigarren jomuga eta NAFTAren merkatura “sartzeko atea” da. Erkidegoko enpresen “bezero nagusietako bat” NAFTAn dagoela nabarmendu du lehendakariak, AEB, alegia.