Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
Osakidetzak 948 lanpostu eskainiko ditu bi eskaintza publikotan
Sindikatuen arabera, plaza-kopurua ez da "nahikoa". Hortaz, mobilizazioei eutsiko dietela iragarri dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 948 plaza eskainiko ditu 2014ko amaieran eta 2015ean egingo dituen lan-eskaintza publikoetan (LEP), gaur Mahai Sektorialaren bileran Osakidetzako arduradunek sindikatuei jakinarazi dietenez. Zehazki, 474 lanpostu barne promozioaren bidez eskainiko dituzte, eta beste hainbeste, LEPren bidez.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta Osakidetzako sindikatuek ia bi orduko bilera egin dute gaur Gasteizen, baina Mahai Sektorialaren bilera akordiorik gabe amaitu da.
Bileraren amaieran Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendariak eta Jose Maria Armentia Giza Baliabideetako zuzendariak azaldu dutenez, lan-deialdi publikoetan eskainitako 474 postuak "segurtasun juridikoa" bermatzeko eta Espainiako Gobernuak baimendutako berritze-tasa ez gainditzeko "gehienezko mugan" daude.
Armentiaren iritziz, Osasun Saila lanpostu gehiago eskaintzeko moduan dago, baina ez dauka "nola amaituko diren ez dakigun abenturatan" sartzeko asmorik, ezta "itxaropen faltsuak" sortzeko ere. Hori dela eta, lan-eskaintza publikoetan eskainitako lanpostu kopurua handitzeko modu bakarra PPren Gobernuak berritze-tasa handitzea dela nabarmendu du, duela gutxi % 10etik % 50era igo duen bezala.
Osasun arduradunek sindikatuekin lan-eskaintza publikoetako oinarriak negoziatzeko borondatea berretsi dute, eta bi LEP horiek 2015eko bigarren seihilekoan egingo direla aurreikusi dute.
Bestalde, Osasun arduradunek bitarteko izaera duten kontratuak bultzatuz behin-behinekotasuna % 18ean jaisteko konpromisoa agertu dute, baita behin-behinekotasuna errefortzu egoera zehatzetara edo ordezkapen behar zehatzetara mugatzekoa ere. Halaber, euskara ikasteko liberazio orduak % 50ean igotzea proposatu dute.
Sindikatuek mobilizazioei eutsiko diete
Sindikatuek aurreneko balorazioan esan dutenez, eskainitako lanpostuen kopurua "ez da nahikoa" enplegua suntsitzea eragozten ez duelako, eta, hortaz, iragarritako mobilizazioei eutsiko dietela iragarri dute.
Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek (LAB, ELA, SATSE, SME, CCOO, UGT eta ESK) bat egin dute Jaurlaritzaren eskaintzaren inguruko iritzia emateko orduan: eskainitako plaza-kopuruak ez du osasun zerbitzuaren enpleguen beharra asebetetzen. Izan ere, sindikatuen iritzian, datozen hiru urteetan ia 3.000 langile estrukturalek erretiroa hartuko dute. LPE honekin, euren aburuz, "prekarietatea eta behin-behinekotasuna hazi egingo dira".
Peio Igeregi ELAko ordezkariak lan-eskaintza publikoetan, gutxienez, 1.200 lanpostu eskaintzea aldarrikatu du "hitz egiten hasteko".
Edurne Agirrek (LAB) 35 orduko lan-astea berrezartzea eta ordezkapen guztiak betetzea eskatu du.
Ana Vazquez UGTko ordezkariak 2015eko udal eta foru hauteskundeen hurbiltasunarekin lotu du Osakidetzako lan-eskaintza publikoa, eta Satseko Inmaculadak Arestik nabarmendu du 474 lanpostuak ez direla nahikoak eta ez dituztela sindikatuen aurreikuspenak betetzen.
CCOOko Iñigo Garduñok, berriz, langileek % 12k 60 eta 64 urte bitartean dituztela ohartarazi du eta, berez, 474 lanpostuko deialdi publikoa "petatxu" bat da.
Gauzak horrela, sindikatuek mobilizazioei eustea erabaki dute. Azaroko lehen lanuzte partziala hilaren 6an izango da, eta txanda bakoitzean lau orduz egingo dute greba. Ondoren, lurralde bakoitzean egun osoko grebak egingo dituzte: hau da, azaroaren 13an, Araban; 20an, Gipuzkoan; eta 27an, Bizkaian. Azkenik, abenduaren 4an greba orokorra deitu dute EAEko osasun zentro eta ospitale guztietan.