Ekonomia -
Autoa
Blesak eta Ratok 'B txartelen' erabilera 'baimendu eta onartu' zuten
Miguel Blesak ondareen enbargoa onartuko du; izan ere, ezin dio 16 milioi euroko fidantzari aurre egin. Bankari ohiak ezinezkotzat jo du diru kantitate hori asteazkenerako biltzea.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaletako Fernando Andreu epailearen aburuz, Rodrigo Ratok eta Miguel Blesak Caja Madrideko presidente ohiek ‘B txartelen’ erabilera ‘baimendu, onartu eta ahalbidetu’ zuten. Gainera, ez zuten gastuen justifikazioaren kontrolik egin eta ez zegoen horretarako euskarririk.
Hori da Andreu epaileak kaleratu duen autoak jasotzen duena. Auto horretan bi bankariei erabilpen bidegabea egozten die. Horrez gain, Blesari 16 milioi euroko berme zibila ezarri dio eta 3 milioi eurokoa Ratori.
“Biek banketxeko fondoen erabilpen desegokia baimendu, onartu eta ahalbidetu zuten eta ‘B txartelak’ erabili zituzten horretarako, bai mesede propioan, bai eta beste kide batzuei horiek emanda”, jasotzen du autoak. Txartel horiek administrazio Kontseiluko kideek, Kontroleko Batzordeko kideek, kontseilari exekutiboek eta zuzendariek zituzten eta txartelaren jabeek beste diru kantitate batzuk jasotzeko ahalmena zuten.
Andreu epaileak zehazten duenez, ‘B txartelak’ inongo araubide eta estatuturik jarraitu gabe eman ziren eta horiek oinarritzeko arrazoirik ez zegoen.
Ezkutuan neurtutako kantitateak
Epaileak autoetan azaltzen duenez, Blesak eta Ratok zuzendari berriei ematen zizkieten txartelak, eta horrek guztiak sortzen zituen gastuak onartu zituzten. “Gastatutako kantitateak ezkutuan kontabilizatzen ziren auditoreen eta gainbegiraleen kontrola ekiditeko”, zehazten du.
Epailearen aburuz, “badaude arrazoiak presidente ohien aurka kautelazko neurriak hartzeko”. Instrukzio ixteko asko falta dela ere zehazten du eta urrun ikusten du ahozko epaiketa.
Ondarearen ikerketa
Fernando Andreu epaileak Rodrigo Ratoren eta Miguel Blesaren ondareak aztertuko ditu. Ondorengo erregistroei eskatuko die informazioa: Ondasun Hirigarrien Erregistroari, Merkataritza Erregistroari, Jabetza-erregistroari, Gizarte-segurantzari eta Zerga agentziari.
Epaileak 16 milioi euroko fidantza jarri dio Miguel Blesari eta hiru milioi eurokoa Rodrigo Ratori. Asteazkena bitarteko epea dute fidantza ordaintzeko. Dirua eman ezean, ondasunak enbargatuko dizkiete.
Ondareen enbargoa
Miguel Blesak ondareen enbargoa onartuko du. EFE agentziari epaitegietako iturriek adierazi diotenez, Blesak ezin dio 16 milioi euroko fidantzari aurre egin.
Bankari ohiak ezinezkotzat jotzen du diru kantitate hori asteazkenerako biltzea, iturri berdinen aburuz.
Hala ere, epailearen aurkako helegitea mantenduko du Blesak. Prozesu horrek, ordea, ez du enbargoa hasteko epean eraginik.
Rodrigo Ratok ere helegitea aurkeztuko duela iragarri du.